Oiangualde urbanizazio lanak geldiarazteko urgentziazko mozioa
Oiangualde Stop plataformak aurkeztu du, biharko udalbatzarako.
Kartelak jarri ditu Oiangualde Stop plataformak Oiangualdeko obren inguruan.Oiangualde Stop plataforma. Oiangualde Stop plataformak «urgentziazko mozioa» sartu du Ordiziako udaletxean, biharko udalbatzan eztabaidatzeko. Udalari, «lehenbailehen» Oiangualdeko urbanizazioko «lan guztiak geldiarazi» ditzala eskatuko dio, «behintzat alegazioak erantzun arte».
Oiangualde Stop plataformak prentsa ohar bidez jakinarazi duenez, «abuztua herritar askok atseden hartzeko garaia» den arren, «Oiangualden ez da egon atsedenik, alderantziz, urbanizazio lanak aurrera doaz». Ordiziako Oiangualde Stop plataformarentzat «onartezina da» urbanizazio lanak aurrera jarraitzea. «Ia 800 herritarrek sinatutako alegazioen erantzuna jaso ez dugunean. Alegazio horietan 2008. urteko Plan Partziala (28 txalet bifamiliarrak) eta bere aldaketa (83 txalet adosatu) gelditzea eskatzen genuen».
Plataformaren esanetan, «17 urtetan 28 etxebizitza bifamiliarrak eraikitzeko ez da lanik egin eta hori egiteko epe guztiak iraungi» dira. «Eta orain enpresa eraikitzaileak aldaketa onartzea eskatu du, 82 txalet adosatu egiteko, behin-behinean martxoan udalak onartu zuena, baina oraindik behin betiko onartu ez dena. Plan Partzial hori lotuta dago 2000ko Ordiziako Arau subsidiarioetara eta horiek ez daude indarrean 2006ko Lurzoru eta Hirigintza Legera egokitu ez direlako, eta hori bakarrik ez, 2016an egin zen Plan Orokorraren (lehengoko Arau Subsidiarioak) aurreikuspenean Plan hori ez zen egoki ikusten».
Horregatik guztiagatik, «oso larria» iruditzen zaie udalak «ezer egin ez izana lan horiek gelditzeko eta herritarrekiko errespetu falta». Era horretan, Ordiziako alderdi politiko guztiei eskatzen diete «Oiangualdeko proiektu osoa geldiaraz dezatela, hori aberrazio urbanistikoa baita, alkateak informazio saioan aurkeztu zuen bezala».
Udalbatzara joateko deia
Iraileko udalbatza bihar egingo dute, 18:00etan. Herritarrak udal batzar horretara bertaratzera gonbidatu dituzte. «Horrela gure eskaria babestuz».













