Palestinara bideratuko du aurten Lekanazpik Txanpi Solidarioaren dirua
Asteburu mikologikoa urriaren 3tik 5era egingo da, berriz ere dibulgazioa eta gastronomia uztartuta. Elkartasunak ere toki nabarmena izango du, eta saldutako perretxiko pintxoen dirua Gernika-Palestina herri ekimenarentzat izango da, palestinarrei laguntzeko.
Egun batzuk falta dira oraindik, baina Lekanazpi elkarteak udalaren laguntzarekin antolatutako asteburu mikologikoa martxan jarri da. Hurrengo asteko asteburuan egingo da, urriaren 3an, 4an eta 5ean, eta atzo aurkeztu zuten egitaraua antolatzaileek, Txanpi Solidarioa ekimenaren onuraduna nor den iragartzearekin batera. Aurten saldutako barrengorri pintxoen dirua Gernika-Palestina herri ekimenarentzat izango da, palestinarrei laguntzeko.
Elkartasunarekin batera, perretxikoak izango dira asteburuko ardatza, eta batez ere horien inguruko dibulgazio jarduna. Horretarako, aurten ere Aranzadi Zientzia Elkarteko adituen laguntza izango dute legazpiarrek, eta herritarren eskura izango dira beste behin informazioa emateko edo zalantzak argitzeko.
Perretxikoak biltzeko mendi ibilaldia ere egingo da, Barrendiola urtegi inguruan aurten, perretxikozaletasunari bultzada eman nahian. Baina Azoka izango da gune nagusia. Bertan egingo dira erakusketa, dastaketak eta Upelgilearen Begia lehiaketa arrakastatsua. Umeentzako txokoa ere bertan izango da.
Aurten, Palestinarekin
Txanpi Solidarioak Palestinarekin egingo du bat aurten. Larunbatean barrengorriak prestatuko dituzte, plantxan zein saltsan, eta pintxoak salduko dituzte, elkartasun helburuarekin. Salmenta 19:00etatik 21:00etara egingo da, eta hortik ateratako dirua Gernika-Palestina herri ekimenarentzat izango da, palestinarrei laguntzeko. Talde honek mahai bat jarriko du azokan, egiten duten lanaren berri emateko.
Asteburu mikologikoaren antolatzaileek Txanpi Solidarioaren inguruan dagoen elkarlana azpimarratu dute. Duela bi urte ireki zuten bidea Aspanogi eta Katxalin elkarteekin, iaz Hotz Legazpirekin jarraitu zuten, eta aurten palestinarren alde lan egiten duen taldearekin izango da.
Ibilbide mikologikoa ere nabarmendu dute. Perretxikoekiko zaletasuna bultzatzeko helburua du, eta Jon Ander Jaka, Xabi Galdos eta Maialen Aztiria izango dira gidariak, eta parte hartzeko deia egin diete adin guztietako herritarrei, bereziki gazteei eta haurrei. Barrendiolako urtegiko parajeak aukeratu dituzte aurten, eta bertaraino joateko doako autobusa izango da herritik.
EGITARAUA
OSTIRALA (urriak 3)
17:00-20:00 Perretxikozaleek bildutako perretxikoak jasoko dira Lekanazpi elkartean.
LARUNBATA (urriak 4)
09:30-12:30 Ibilbide mikologiko gidatua. Barrendiola urtegi inguruan.
11:00-14:00 Perretxikoak jasoko dira azoka gunean. Trukean, salda eta txorizoa.
15:00-18:30 Perretxiko sailkapena Aranzadi zientzia elkartearen eskutik.
18:30-23:00 Perretxikoen erakusketa.
19:00-21:00 Txanpi Solidarioa pintxo salmenta.
19:00-21:00 Upelgilearen begia apustu-jokoa.
21:00 Saskia pisatzea eta sari banaketa. Irabazleak perretxikoz betetako saskia, makila eta labana jasoko du.
IGANDEA (urriak 5)
10:00-15:00 Perretxikoen erakusketa azokan.
12:00-13:30 Umeentzako marrazketa gunea. Gaia: Perretxikoak.
12:00-14:30 Upelgilearen begia apustu-jokoa.
13:00-14:30 Hainbat perretxiko pintxoren dastaketa azokan, borondatearen truke.
14:30 Saskia pisatzea eta sari banaketa.
15:00 Itxiera.













