Udazkenean, mikologia izar
Niskaloak eta saltsa perretxiko beltzak urtaro berriarekin batera iritsi dira, eskaintza zabaltzera. Sagarren artean ere izan da berritasunik, urreztai motarekin.
Perretxikoak udazkenarekin lotzen dira, eta urtaro honen hasieran bertan Ordiziako azoka lotura horren lekuko izan da. Gaur, udazkeneko lehen ferian, bi perretxiko mota berri iritsi dira, nabarmen zabalduz orain arteko eskaintza.
Berritasun gehiago ere izan dira, aurreko astean baino tenperatura freskoagoarekin egindako feria honetan
Niskaloa eta saltsa perretxiko beltza, berriak
Niskaloa da iritsi berria den perretxikoetako bat. Mikel Lasaren postuan izan dituzte salgai denboraldiko lehen kiloak, hamar zehazki, kiloa 15 euroan. Inguruko mendietan ikusten hasiak direla esan dute perretxikozaleek, gainera.
Bestetik, saltsa perretxiko beltza ere berria izan da gaurkoan, hori ere Lasarenean; beste hamar kilo jarri dituzte salgai, 24 euroan kiloa. Eguneko eskaintza mikologikoa osatzeko, bost kilo gibelurdin (24 euro), 15 kilo mendiko angula (24 euro), 32 kilo ziza hori (19-22 euro) eta 130 kilo onddo (19-39 euro) ere izan dira aukeran, baina azken biak, ziza horiak eta onddoak, Barcinak zituenak ere batuta. Barcinak, gainera, boilur beltzak ere izan ditu, kiloa 290 euroan.
Sagarra, ogia eta arbia
Berritasun gehiago ere ikusi dira gaur, eta horietako bat sagarren atalak eman du. Simon Aizpuruk mota berri bat aurkeztu du, urreztai deiturikoa; kiloa 3 euroan jarri du.Abuztu amaieran hasi zuen Aizpuruk sagar salmenta kanpaina, eta ondo doala eta ondo joango dela esan du, aurten ugari dagoelako. Hala ere, azpimarratu du horren guztiaren atzetik, “ikusten ez den lan handia” dagoela.
Errezildar honen ondoan postua duen Sustrai Askeak elkarteko Natalia Magallanesek daykon arbia aurkeztu du, eta sorta 2,5 euroan jarri du salgai.
Ogien artean ere izaten dira noizean behin berritasunak, eta gaur Maite Iturberen postuan ikusi dira bi. Iaz hasi zen kuia eta kuiatxoen etxeko soberakina baliatuz opilak egiten, eta izandako arrakasta ikusita, aurten ere berriz egitea pentsatu du. Pentsatu eta egin, gaur bertan jarri dituelako salgai udazken honetako lehenak, bakoitza 0,90 euroan.
Babarrun beltza ere aipatu behar da. Azoka bereziaren egunean, duela hiru aste dagoeneko, hasi zuen denboraldia lekale preziatu honek, lekan oraindik, eta ordutik ez da asko ikusi Plaza Nagusian. Gaur aletuta ere bazuen salgai Arantxa Lopetegik, kiloa 18 euroan.
Bisitak hasi dira mugitzen
Udako oporraldiak ekarritako geldialdiaren ondoren, hasi dira mugitzen taldeen bisitak. Gaur bi izan dira Ordizia eta azoka ezagutzen. Taldeetako bat Andoaingo Leizaran institutuko ikasleek osatzen zuten, eta D’Elikatuz zentrokoak izan dituzte gidari. Bestetik, Elkar Ekin enplegu programaren baitan beste bisita bat ere izan da Goiturrek sustatuta, eta Josema Azpeitia kazetari gastronomikoa izan da gidaria.
Piper garaia
Zuhaiztiko fruta saltzaileen artera ere iritsi dira produktu berriak, piper gorri handiak. Bi mota daude salgai, kontserbak egiten dituztenei begira: najeranoa deiturikoa, Errioxako jatorria duena, Leiva herrikoa asko; eta morroa. Denboraldia hasi berria besterik ez da, eta kiloa, solte erosita, 1,5 eta 2 euro artean dago; kaxakada erosita, kiloa 1,40 euroan atera daiteke.















