CAFek Jerusalemgo tranbia proiektuari buruzko oharra kaleratu du
2019an proiektua esleitu zitzaionetik gaur arte egin dituen urratsen berri eman du Beasaingo enpresak. Datozen egunetan Nazio Batuen Erakundearen Goi mandatariak txostena kaleratuko duela jakinarazi du, eta nabarmendu du CAFek "integritate, erantzukizun, eta gardentasun estandarrik handienekin jarduteko konpromisoari" eusten diola.
CAFen Beasaingo lantegiaren instalazioak. CAF Beasaingo CAF enpresak “beste era bateko informazio garrantzitsua” jakinarazteko oharra zabaldu du gaur arratsaldean, “Jerusalemgo tren arinaren proiektuarekin lotutako” informazioa emateko.
Oharrak dioenez, hurrengo egunotan argitaratuko dute Nazio Batuen Goi Mandatariaren txostena, eta txxosten hori Giza Eskubideen Kontseiluaren aurrean aurkeztuko dute bertako 60. bilkura-aldian. “Bertan berrikusiko dute 2024ko abuztuaren 2ko (A/HRC/57/21) Nazio Batuen Giza Eskubideetarako Goi Mandatariak (OHCHR, ingelesez) egindako urteko txostenean jasota dagoen zerrendako jardueretan zuzenean edo zeharka parte hartzen duten enpresen datu-basea, eta CAF bertan sartzea aurrez ikusita dago”.
Halaxe jasotzen dute Goi Mandatariaren A/HRC/57/21 txostenari, organo berak egindako 2020ko otsailaren 28ko A/HRC/43/71 txostenari eta 2023ko ekainaren 30eko OHCHR-ren txostenari aipamena egin dio CAFek: “OHCHRk enpresek zerrendan jasotako jarduera batean edo gehiagotan parte hartzen duten jakiteko egiaztapen faktikoak egiteko agindua du, datu-basean gehitzeko edo handik kentzeko. Lan hori ez da prozesu judiziala edo kuasijudiziala, eta ez du prozesu judizial edo kuasijudizial bihurtzeko inolako helbururik. Era berean, ez du inolako kalifikazio juridikorik ezartzen zerrendan jasotako jardueretan, ez eta enpresek jarduera horietan duten partaidetzan ere”.
2019an esleitutako proiektua
Beasaingo enpresak adierazi duenez, Jerusalemgo proiektua 2019an esleitu zioten TransJerusalem J-Net Ltd. sozietateari. Sozietatea % 50ean Israelgo Shapir Civil & Marine Engineering Ltd (Shapir) eraikuntza-enpresak eta CAFek osatuta dago, eta proiektuaren guztizko balioa 1.800 milioi euro ingurukoa da. “Proiektuak Linea Berdea eraikitzeko lanak zein lehendik dagoen Linea Gorria zabaltzekoak biltzen ditu eta partzialki Ekialdeko Jerusalemdik igarotzen dira. Aurreikuspenen arabera, eraikuntza fasea 2027an amaituko da. Era berean, Proiektuak bi linea horiek 15 urtez operatzeko (25 urtera luzatzeko aukerarekin) eta 25 urtez beste sozietate baten bidez mantentzeko lanak biltzen ditu. Sozietate horretako partaideak, lehen bezalaxe, Shapir eta CAF dira % 50ean, eta jarduera 2021ean hasi zuen”.
Enpresaren konpromiso etikoa
Oharrak jasotzen duenez, “aplikagarria den araudia betetzeaz” gain, CAFek “konpromiso irmoa du enpresa-etikarekin eta Giza Eskubideen errespetuarekin bere eragiketa guztietan”, balio-katea barne, erantzukizun eta gardentasun-estandar gorenetan oinarrituz. “Horretarako, CAFek maila gorenean onartutako arau, prozedura eta sistema batzuk ditu, eta Compliance Sistema oso bat osatzen dute. Sistema hori Talde osoari aplikatzen zaio, bai eta CAFekin kontratuak sinatzen dituzten hirugarrenei ere, CAFen Barne Araudiaren Sistemaren, etikaren edo legearen kontrakoa izan daitekeen edozein jokabide prebenitzeko eta haren aurka jarduteko. Zehazki, Giza Eskubideei dagokienez, behar adinako arretari buruzko Politika espezifikoa du CAFek. Politika hori hainbat xehetasun-prozeduratan garatzen da, eta jarduera eta harreman komertzial guztietan duen konpromiso etikoa indartzen du, mailarik gorenean”.
Arreta neurri espezifikoak
CAFek dio ondo ezagutzen dituela “Jerusalemgo proiektuarekin lotutako inplikazio juridiko eta etiko konplexuak” Nazioarteko Zuzenbide Humanitarioari eta enpresen erantzukizunari dagokienez. “Horrez gain, badaki oso garrantzitsua dela Giza Eskubideen babesa eta herritarrei, bereizketarik gabe, komunitate guztientzako funtsezko azpiegitura eskaintzearen arteko oreka arreta handiz zaintzea”.
Horregatik, proiektua gauzatzeko prozesuan, CAFek dio “behar adinako arretarako neurri espezifikoak” aplikatu ditu hiru intentsitate mailatan (orokorra, indartua eta areagotua) Nazio Batuek argitaratutako Gatazken Eraginpean dauden Testuinguruetarako Behar Adinako Arretaren Gidak ezarritakoaren arabera. “Horren helburua da Giza Eskubideen aurkako edozein inpaktu identifikatzea, prebenitzea eta, halakorik balego, arintzea”.
Kontsultak aditu independenteei
Proiektu horrekin lotutako kontratua sinatu aurretik hartutako lehen neurri gisa, CAFek adierazi du “lege- azterketa” egin zuela, “prestigio handiko aditu independenteei” (Nazioarteko Eskubidearen arloko katedratikoak eta Nazio Batuetako adituak barne) kontsulta eginez. “Adituek berretsi zuten ez zegoela CAFek proiektuan parte hartzetik eratorritako ez-betetzerik. Ondorio hori, halaber, Versailleseko Apelazio Auzitegiak Linea Gorriaren inguruan, hura zabaldu aurreko fasean, emandako epaiak babesten du”.
CAFek gogoratu duenez, epai hark baztertu egin zuen proiektuan parte hartu duten enpresek Nazioarteko Zuzenbidea urratzen dutenik. “Bestalde, Espainian eskumena duen Administrazioko zerbitzu juridikoek baieztatu zuten Proiektua bat zetorrela nazioarteko legeriarekin, eta ez zuten inolako lege-eragozpenik aurkitu kontratua sinatu eta ondoren proiektua gauzatzeko. Egiaztapen-lan horiek egin ostean, TransJerusalem J-Net Ltd. sozietateak (orain CFIR Light Rail Ltd. izena du) emakida-kontratua sinatu zuen 2019ko irailaren 26an”.
Nazioarteko ebazpenei adi
CAFek gogoratu du, 2020ko ekitaldian, Harremanetarako Puntu Nazionalaren –ELGAren gidalerroak aurrera eramateko Espainiako Gobernuak sortutako ministerioarteko kide anitzeko organo– aurrean prozedura abiarazi zutela. “Azken txostena 2022an igorri zuten eta ez zen bertan CAFen aldetik inolako legezko ez-betetzerik edo eskubideen urraketarik identifikatu”, argitu du oharrak.
Era berean, “Jerusalemgo proiektua gauzatu den bitartean, eta orain arte”, CAFek nabarmendu du g”ertutik jarraitu” dituela nazioarteko hainbat erakundek emandako ebazpenak, eta kanpoko aholkulariekin eta aditu independenteekin alderatu ditu beti. “Aholkulari eta aditu horiek hasierako aldeko ondorioei eusten diete, inolako aldaketarik gabe”.
Tranbiaren “gizarte onurak”
Bestalde, CAFek proiektu horren “arriskuen hasierako ebaluazioa eta ondorengo ebaluazio berriak” egin dituela jakinarazi du. “Horien arabera, orain arte, ez da giza eskubideen urraketarik edo aurkako inpakturen bat gertatu denik identifikatu. Aitzitik, Jerusalemgo proiektuak inpaktu positiboak sortzen ditu biztanleen artean eta hori guztia 2023an eta berriro ere, 2025eko uztailean, aditu independenteek egindako txostenen bidez berretsi da”, nabarmendu du.
In situ egindako bisiten eta komunitate bateko eta besteko erabiltzaile eta ordezkariei egindako elkarrizketen ondoren egindako txostenek “Jerusalemgo tranbiaren gizarte-onura” nabarmentzen dutela adierazi du CAFek: “Izan ere, tranbia funtsezko zerbitzu publikoko azpiegitura da eta giza eskubideen betetzearen katalizatzailea da, besteak beste, mugitzeko askatasuna, enplegurako sarbidea, arreta medikoa, hezkuntza eta herritar guztientzako gurtza-lekuak, bereizketarik gabe, eta komunitate zaurgarrienei mesede berezia eginez”.
Horregatik guztiagatik, CAFek adierazi du txostenek ondorioztatzen dutela “proiektuak inpaktu positiboa” duela, “modu ez-diskriminatzailean, oinarrizko gizarte-zerbitzuetarako sarbidea eskaintzen duelako eta azpiegitura jasangarri eta ekologikoa ematen duelako”.
“Erabiltzaile handienak, komunitate arabiarrekoak”
CAFek eskura dituen mugikortasun-datuen arabera, “komunitate arabiarreko kideak dira tranbia gehien erabiltzen dutenak (horien erdiek baino gehiagok astean hirutan edo gehiagotan erabiltzen dute)”, eta, agentzia espezializatu batek aldizka egindako kalitate-inkesten arabera, “gehienek zerbitzuarekiko asebetetze maila altuenak” adierazi dituzte.
CAFek oharrak dio, sistemaren operazio eta mantentze lanak egiten dituen sozietateak “kontratazio inklusiboko eta ez-diskriminatzaileko politika zorrotza” betetzen duela (langileen % 25 inguru dira arabiarrak). “Gainera, berariazko neurriak hartzen ditu arrazoi etnikoengatik, nazionalitateagatik, erlijioagatik edo beste edozein arrazoirengatik inor ez diskriminatzeko; horretarako, garraio-sistema edonorentzat irisgarria izatea eta kartelak eta seinaleak eleaniztunak (arabiera eta hebreera barne) izatea ziurtatzen du”.
Nazioarteko estandar guztiak “zorrotz” bete
Lehen aipatutako txosten independenteari erreferentzia eginez, CAFek adierazi du honakoa nabarmentzen duela: “CAFek erantzukizun sozial korporatiboarekin eta jasangarritasunarekin lotutako nazioarteko estandar nagusiak zorrotz betetzen dituela eta Giza Eskubideekin lotutako behar adinako arretaren oinarriak NBEren printzipio gidarien eta ELGAren irizpideen arabera betetzen dituela”.
“Jasotako inpaktu positiboek ere, eta inpaktu negatiborik ez hauteman izanak, orain arte behar adinako arreta eraginkorra izan dela babesten dute. Edonola ere, betetze horren jarraipena etengabe egiten da”.
Arreta neurriei buruzko txostenak
CAFek jakinarazi du, urtero bere proiektuei aplikatutako “behar adinako arretaren neurriei buruzko txostena” egiten duela finantza arlokoa ez den informazio egoeretan eta jasangarritasuneko txostenetan. “Txosten horrek bereziki aipatzen ditu, atal espezifiko batean, Jerusalemgo proiektuari buruzkoak. Informazio hori kanpoko egiaztatzaile independenteek aztertzen dute, eta orain arte emaitza onak izan ditu”.
“CAFek integritate, erantzukizun, eta gardentasun estandarrik handienekin jarduteko konpromisoari eusten dio, bai eta etikarekin eta giza eskubideekin zerikusia duen edozein gai materialen eta bere jarduera garatzen duen araudiaren lehentasunezko jarraipena egiten jarraitzeko konpromisoari ere”.













