Ezki Aristi eta Lide Lopez Murua pilotari zaldibiarrek hitzordua dute bihar, Restin
Zaldibiako jaien egitarauaren barruan Udalak eta Gaztelupek antolatu duten jaialdia da. Ezki Aristik aurreneko partidan jokatuko du, eta Lide Lopez Muruak bigarrengoan. Sarrera doan da.
Emakume Master Cup jaialdiko iazko parte-hartzaileak. Aristi eta Arratibelek irabazi zuten. Hitza Udako binakako Master Laboral Kutxa Txapelketako bi partida jokatuko dira bihar arratsaldean Zaldibiako Resti pilotalekuan, Emakume Master Cup pilota jaialdiaren barruan. Zaldibiako Udalak eta Gaztelupe Pilota Elkarteak elkarlanean jaien egitarauaren barruan antolatutako jaialdia da eta bi herriarrek parte hartuko dute: Ezki Aristik aurrenekoan eta Lide Lopez Muruak bigarrenean.
Arratsaldeko 19:00etarako egin dute Euskal Herriko pilotariek Zaldibian hitzordua. Ezki Aristi zaldibiarrak Ainhitze Arratibelekin jokatuko du eta Larraitz Galardi eta Itxaso Iparragirre izango dituzte aurkari; Lide Lopez Murua herritarrak, berriz, Irati Betegirekin jokatuko du, Miriam Arraiza eta Nahia Bertizen aurka. Sarrera doan izango da eta antolatzaileek bertaratzeko gonbidapena luzatu die interesa izan dezaketen herritarrei.













