Zaldibiako bizilagun eta komertzioak ez daude ados udalaren peatonalizazio ereduarekin
Santa Fe kaleko 23,25 eta 27 atarietako bizilagunen ibilgailuen zirkulazioa behar dutenero baimenduta egotea eta goizean komertzioetara joateko onartuta dauden aparkatzeko guneak gauean erabilgarri egotea eskatu dute.
Zaldibiako Santa Fe kaleaIzaro Villarreal Zaldibiako Santa Fe kaleko mugikortasuna arautuko zuen ordenantza berria indarrean sartu zen joan den irailaren 8an, eta ordutik, debekatuta dago ibilgailuen zirkulazioa zein aparkatzeko aukera 23, 35 eta 27 atarien parean, 12:00etatik 08:00etara. Eguneroko berri horrek haserrea piztu du atari horietako bizilagunen zein komertzioen artean; izan ere, euren etxeetara “autoz iritsi ezinda” geratu dira egunean hogei orduz. “Gure sartu-irteerak, karga-deskargak… edozein jarduera programatu beharrean geratu gara, aurrez gure gertakizunen inguruko abisua eta matrikulak udaletxean ematera derrigortuta”, azaldu dute hedabideetara bidalitako oharrean.
Irailaren 8az geroztik Zaldibian egoera hori bizi behar duten “bakarrak” direla ziurtatu dute, eta beraz, euren ongizate eta intimitaterako duten eskubidea eta herritar guztiak berdintasunez tratatuak izateko duten eskubidea aldarrikatu dituzte. Eta ez hori bakarrik. Udalak lege berria indarrean jarri aurretik ere bertako bizilagunekin hitz egin ez izana ere salatu dute: “Udalak ez du prozesu honetan bizilagunokin bilera bakar bat ere egin, ez gure iritzia jasotzeko ezta indarrean jarri asmo zuen ereduaren berri emateko ere”. Nabarmendu dute, gainera, udalarekin gerora hartu-emana izan badute, eurak udaletxera joan direlako izan dela.
Bizilagunen ustez, abian jarritako sistemak adinez nagusiak diren bizilagunak “sarbiderik gabe” utzi ditu: “Mugikortasun arazoak dituzten edota adinez nagusiak diren pertsonen irisgarritasun eskubidea ez dute bermatu”. Ibilgailuak aparkatzeko hamazazpi aparkalekuak ere “hutsik daude orain”, egunean hogei orduz.
Udalari eskaerak
Hortaz, ondorengo eskakizunak onartzea exijitu diote udalari: batetik, 23, 25 eta 27 zenbakietako etxebizitza, lokal eta komertzioetako bizilagun eta jabeen autoak baimenduta izatea, behar den garaian, karga-deskarga egin ahal izateko, ordua edozein izanda ere; eta, bestetik, 23, 25 eta 27 zenbakietan erroldatutako bizilagunek zenbaki horien artean aparkatu ahal izatea egunero, 20:00etatik 08:00etara.













