Altzagan San Migel jaiak ospatuko dituzte gaurtik astelehenera bitartean
Bihar mozorro eguna, etzi herri kirolak eta astelehenean San Migel eguneko bazkaria. Larunbat gauerako autobus zerbitzu berezia jarri dute.
Iaz Teo izan zen mozorrotzeko gaia; aurtengoa, kapela da. Maite Garmendia San Migel jaietan murgilduko dira altzagarrak gaurtik astelehenera bitartean. Gaurko egitarauan bi ekitaldi daude: 18:00etan umeentzako herri kirolak eta 19:00etan patata tortilla lehiaketa.
Biharkoa mozorro eguna izango da. Mozorrotzeko gaia finkatuta dute: kapelak. Goiz eta arratsalde, 11:00etatik 13:00etara eta 15:00etatik 18:00etara, puzgarriak izango dira. 18:00etan, txokolate jana, 19:00etan triki poteoa Alabier eta Izer trikitilariekin, 21:00etan herri afaria, eta eguna amaitzeko, 23:00etan erromeria Goierriko Balantza taldearekin.
Igandean plan bikoitza dago. 18:00etan, herri kirolak: Elene Ostolaza eta Udane Ostolaza harri jasotzaileak, eta Arkaitz Etxebeste eta Eneko Otaño aizkolariak. Ondoren, Aburuza, Begiristain, Bereziartua, Urbitarte, Isastegi eta Eguzkitza sagardotegietako sagardoak dastatzeko aukera izango da. San Migel eguna ospatuko dute astelehenean. 13:00etan meza, 14:00etan herri bazkaria, bertso saioa Maialen Lujanbio eta Aner Peritz bertsolariekin, eta Imanol Intsausti eta Iñaki Larrañaga trikitilariekin.
Autobusa larunbatean
Larunbat gauerako Lurraldebusek autobus zerbitzu berezia jarriko du. Altzagara joateko ordutegia ondorengoa da: Legorreta (22:30), Itsasondo (22:35), Ordiziako geltokia (22:45), Arama (22:55), Altzaga (23:00). Itzulerakoa, berriz: Altzaga (02:00), Arama (02.05), Legorreta (02:15), Ordizia (02:30), Beasain (02:35).
Maite Garmendia Altzagako alkateak adierazi du «oso garrantzitsua» dela herri txikietako jaietan ere autobus zerbitzu berezietarako aukerak izatea: «Jendeak gure jaietara hurbiltzeko aukera izateko».













