CAFek Urbos tranbiaren milagarren unitatea fabrikatu du
Gaur egun, 19 herrialdetako 38 hiritan dabiltza CAFen tranbiak, eta hurrengo urteetan 50 hiritara iristea aurreikusten dute.
Urbos trabiaren milagarren unitatea.CAF CAF enpresak beste mugarri historiko bat lortu du. Urbos plataformako milagarren tranbia atera da fabrikatik. “2006an garatu zenetik, Urbos tranbiak hiri-mugikortasun jasangarriaren eta berrikuntza teknologikoaren ikur bilakatu dira, eta konpainiaren sendotasuna erakusten du”.
CAF enpresatik gogoratu duten moduan, 2010 urtean Sevillako Metrocetroan hasi ziren martxan lehen unitateak, eta urtebete geroago iritsi ziren Zaragozako tranbiara. Ordutik, Urbos tranbiak 19 herrialdetako 38 hiritan dabiltza, eta aurreikuspenen arabera, laster 50 hiritan izango dira. Besteak beste, Belgrado, Sydney, Malaga, Birmingham, Cincinnati, Amsterdam, Oslo edo Lisboa aipatu daitezke.
Urbos tranbiak CAFen zortzi lantegitan fabrikatu izan dira, bost herrialdetan banatuta: Beasain, Zaragoza, Irun, Lunares, Bagneres de Bigorre (Frantzia), Newport (Erresuma Batua), Elmira (AEB) eta Dunakeszi (Hungaria). Hala, nazioarteko presentzia zabal baten erakusgarri da.
CAFek nabarmendu duenez, “jasangarritasuna” izan da plataforma honen ezaugarrietako bat. Izan ere, Urbos izan zen Produktuaren Ingurumeneko Aitorpena lortu zuen lehen tranbia mundu mailan, 2011 urtean. Fabrikazioan erabilitako materialen %20 baino gehiago birziklatuak dira, eta egunero milioika CO2 tona atmosferara ez isurtzea ahalbidetzen dute.
Gainera, etengabeko berrikuntzak ahalbidetu du teknologia aitzindariak garatzea: ontziratutako energia duten tranbiak, katenariarik gabe zirkulatzeko aukera, indukzio bidezko karga-sistemak, akoplamendu birtuala eta azken urteotan urrunetik gidatzeko frogak.
CAF enpresak zabaldutako datuen arabera, gaur egun, “bost kontinentetako 2,5 milioi pertsonak erabiltzen dituzte Urbos tranbiak egunero”.













