Gaintzako festetan, Palestina gogoan
Gaur hasi eta astelehenera bitartean San Migel jaiak ospatuko dituzte. Gaur Oilar Beltzak taldearekin erromeria dago, eta bihar Yogurinha Borova. Igandean, Gaintzara igoera patinetan eta bizikletan.
Gaintzan 40. Txirrindularitza igoera jokatuko da igandean.Maider Insausti Gaur, 19:00etan hasiko dira San Migel jaiak Gaintzan, Zapotxinen jaitsierarekin eta Palestinako bandera udaletxean zintzilikatuta. Izan ere, Gaintzako udal taldeak, «bertako herritarren izenean, populazioa akabatzea helburu duen genozidioa salatzen» du eta «Palestinako Herriari eta herritarrei elkartasuna» adierazten die. «Keinu bat besterik ez bada ere, 2025eko San Migel jaietan aipatutakoa irudikatzeko, udaletxeko balkoian Palestinako ikurra jartzeko erabakia hartzen dugu».
Gainerakoan, musikak toki berezia izango du egunotan Gaintzan. Gaur, Txalainak hirukotearen kantaldia izango da, 23:00etan. Hertzainak taldearen kantak gogoratuz ondo pasatzeko asmoarekin joango dira Gaintzara. Eta gauerditik aurrera, Oilar Beltzak taldearekin erromeria izango da. Goierritar musikari ugariz osatutako taldea da. Iñaki Larrañaga, Imanol Intxausti, Xabi Arakama, Aratz Izeta, Juanma Urriza, Joxe Martin Razkin, Iker Sukia eta Ander San Jose dira partaideak.
Yogurinha Borova
Bihar Radio Rebelde ariko da lehenengo, eta ondoren, Yogurinha Borova artistaren kantaldi-ikuskizuna izango da. Yogurinhak aurreratu duenez, bere abestiak abestuko ditu: «Gehienak euskaraz, baina bakarren bat gaztelaniaz izango da. Ideia da jendea dantzan jartzea eta ondo pasatzea». Beste helburu bat badu: «Beharrezko mezuak bidaltzea». Mezu horien artean, ondorengoak azpimarratu ditu: «Gora Borroka Transbibollomarika, Gora Aniztasuna, Gora Euskara, Palestina Askatu, No mas Plumofobia, Gora gure Helduak…».
EGITARAUA
Gaur, irailak 26
- 19:00. Zapotxinen jaitsiera.
- Ondoren. Poteoa, mozorrotuta.
- 21:00. Herri afaria, pilotalekuan.
- 23:00. Txalainak hirukotearen kantaldia (Hertzainak taldearen abestien bertsioak).
- 00:00. Bingoa.
- 00:30. Oilar Beltzak musika taldearen kontzertua eta erromeria.
Bihar, irailak 27
- 12:00. Pilota partidak.
- 17:00. Puzgarriak haurrentzat, pilotalekuan.
- 19:00. Patata tortilla lehiaketa.
- 20:00. Radio Rebelde musikari bikotearen kantaldia.
- 23:00. Yogurinha Borova artistaren kantaldi-ikuskizuna.
- Ondoren. Herriko gazteak DJ musika jartzen.
Igandea, irailak 28
- 11:30. III. Patin Igoera.
- 12:00. 40. Txirrindu Igoera.
- 17:00. Zirku tailerra.
- 19:00. Mondeju dastaketa, pilotalekuan.
- 19:00. Arku tiraketa erakustaldia.
- Egun guztian. Trikitilariak.
Irailak 29, astelehena, San Migel eguna
- 10:30. Meza.
- Ondoren. Jubilatuentzako hamaiketakoa, Kale Txiki jatetxean.
- 14:00. San Migel eguneko bazkaria, Kale Txikin.
- 18:00. Toka txapelketa.













