Goierri Zuzenean sare musikal berria abian da
Eskualdeko hainbat elkartek indarrak batu dituzte gertuko eszena musikala indartzeko, koordinatzeko eta zabaltzeko.
Goierriko hainbat kultur eragilek urrats berria egin dute eskualdeko musika eszena indartzeko eta oihartzun handiagoa emateko. Horrela sortu da Goierri Zuzenean izeneko sare berria, jada hainbat herritan ekimen musikalak antolatzen dituzten elkarteak elkartuz. Ez da festibal berri baten sorrera —oraingoz behintzat—, baizik eta elkarlan, konplizitate eta babesgune baten hasiera.
Sarearen helburua argia da, indarrak partekatu, jarduerak koordinatu eta musika aretoetan, plazetan eta herriko txokoetan bizi-bizi mantentzea. Antolatzaileen esanetan, asmoa da “jende guztiak kontzertuez gozatzeko aukera izatea eta herri zein auzoetako musika eszena pertsonengandik gertu mantentzea”.
Lehen fase honetan, lau elkartek egin dute bat: Ganbaran Norbait Dabil! (Segura), Ordiziarrock (Ordizia), Satto (Legorreta) eta ZEK (Zaldibia). Elkarte horiek eskutik ari dira lanean beraien agendak koordinatu eta zabalkundea elkarrekin egiteko.
Etorkizunera begira, beste talde eta elkarteei gonbidapena luzatu diete sarean parte hartzeko. “Denontzako dago lekua eta ekintzak partekatu nahi dituztenek gurekin harremanetan jar daitezke”, azaldu dute. Harremana egiteko goierrizuzenean@gmail.com epostara idatzi.













