Hondakina, eskulturak egiteko lehengaia
Hutsetik sortutako lanak dira Bixen Ulik egiten dituen eskulturak, hondakinak konbinatuz osatzen dituelako. Legazpiko Kultur Etxean daude ikusgai, urriaren 10era arte. Lanak salgai daude.
Kultur Etxeko erakusketa aretoa tamaina handiko eskultura abstraktuz beteta dago. Bixen Uli zumarragarraren Puja… hutsetik bizira! bilduma da, eta urriaren 10era arte dago ikusgai, astelehenetik ostiralera, 17:00etatik 20:00etara.
Birziklapenari, irudimenari eta artisau lanari gorazarre hutsa da erakusketa. Ulik Zumarragako Udalaren obra brigadan lan egiten du, eta besteak beste, eginkizun horretan jasotako burdin, harri, egur eta beste hainbat eta hainbat hondakin elementu erabili ditu artelan horiek egiteko. Irudimena erabilita eta konbinazio harrigarriak eginez, forma abstraktuko eskultura handiak osatu ditu, duela urte asko jorratzen hasi zen artista senari jarraituta.
Erakusketan 14 lan daude, eta bi kenduta, gainerako guztiak Zumarragako Antioko Interpretazio Zentroan egon ziren ikusgai hainbat hilabetez. Bi eskultura berriak dira. Horregatik falta zaie beste guztiek duten poema, Andoni Salamerok egindakoa.
Era askotako objektuak
Erakusketaren izenburuak berak azaltzen du eskultura hauen prozesua: «Pujak dira, hondakina delako ia baliorik ez duen materialetik sortu eta bizia hartzen dutenak». Udalaren brigadan egiten duen lanagatik hondakin asko maneiatu behar izaten du, eta aukeratu egiten du gustatzen zaiona, formagatik, materialagatik edo besterik gabe, aukerak ikusten dizkiolako, edo zerbait iradokitzen diolako.
Objektuari begia jo eta gero, Migel Anjel Iraeta Poxpolo lankideak laguntzen zion San Isidro auzoko garaje batean prestatuta duen tailerrera garraiatzen. Han egiten ditu artelanak, irudimenari bide librea eskainita eta musika lagun duela.
Ulik ez dio ezeri muzin egiten, eta denetik erabiltzen du: kableak biltzeko egurrezko bobinak, farola zaharrak, dutxako mangerak, estolda zuloak, zaborrontziak, metalezko aldaka protesien piezak, baranda zatiak, harri puskak, zuhaitzen txorkoak, bulego-aulkien gurpildun oinarriak, telebista eta ordenagailuen plaka elektronikoak, kotxeen piezak… Material horiek konbinatuz ematen die forma eskultura, eta zutik mantentzeko beharrezkoa duten oreka ere bai. Batzuek mugimendua ere badute. «Nik nahi dudana da erakustea zerbait ezberdina, jendea jabetu dadila hondakinekin arte lanak egin daitezkeela».
Tamaina txikiagoko lanak ere egiten ditu, filosofia berbera jarraituz, hau da, birziklapena eta artea uztartuta, eta horiek etxean ditu gordeta. Lan txikiak ere abstraktuak dira, «baina figuratiboak dira, giza irudia lantzen dut gehiago eskultura txikiekin, adibidez».
Lanak salgai daude.
Antiotik Legazpira
Iazko uda hasieran eman zituen ezagutzera lan hauek, Antioko Zumarragako interpretazio zentroan jarri zuen erakusketarekin. «Harriduraz» hartu omen zuten ikusleek, «oso bitxiak» zirelako, eta direlako. Tamainak deitzen du arreta lehenik, formak gero, eta gerturatu ahala, osagaiek.
Erakustaretoaren argiztapen ezaugarri bereziak eta kokapenak lagunduta, jende ugarik bisitatu zuen erakusketa. Orain, Legazpin dago, eta honetan ere etengabea da ikusleen joan-etorria.
Urriaren 10ean amaituko du egonaldi hau Uliren eskultura bildumak, eta ondoren Oñatirako bidea egingo du, hor ere jarriko duelako ikusgai erakusketa datozen asteetan.
Makramea, larrua eta beste
Bixen Uli aspaldi dago artearen munduan murgilduta, batez ere artisautzaren arloan. Eskuekin lan egitea oso gustuko du, eta makramearekin, larruarekin eta egurrarekin lan egindakoa da, besteak beste. «Material desberdinak probatzea eta lantzea gustatzen zait».














