Idiazabalgo adineko pertsonek omenaldia jasoko dute igandean
Urtero bezala, Adinekoen Eguna ospatuko dute irailaren azkeneko igandean. Meza, omenaldia eta bazkaria prest dituzte.
Nazio Batuen erakundeak 1990an izendatu zuen urriaren 1a Adinekoen Nazioarteko Egun bezala. Horren haritik, urtero ospatzen dute Idiazabalen adinekoen eguna, irailaren amaieran. Aurtengoa igande honetan izango da eta egitaraua dagoeneko osatuta daukate.
Ohi bezala, mezarekin emango diote hasiera egunari, 12:00etan, San Migel Goiaingeruaren elizan. Ondoren, elizako atarian taldeko argazkia aterako dute eta omenaldia egingo diete Axari dantza taldeak eta Birigarro txistulari taldeak herriko adinekoei.
Bazkaria Zelaa kiroldegian izango da, 14:00etatik aurrera eta ondoren, dantzaldiarekin amaituko dute eguna.













