Imanol Pradales Lehendakariak CAF defendatu du
Jon Hernandez Sumarreko parlamentariak salatu du tranbia "apartheidaren parte" dela eta "okupazioa elikatzen" duela. Lehendakariak gogorarazi du CAFek berak ere ukatu duela giza eskubideen urraketarik egin duenik.
Palestinako bandera Beasaingo CAF lantegiaren atarian, protesta gisa.Tere Madinabeitia CAFek Jerusalemgo tranbia proiektuan duen parte-hartzea berriz ere eztabaidagai izan da Eusko Legebiltzarrean. Gaurko kontrol saioan, Sumar taldeko Jon Hernandez parlamentariak salatu duenez, proiektua “sionismoaren zerbitzura dagoen tresna bat da”, eta”okupazio ilegala eta palestinarren apartheida” indartzen ditu.
Hernandezen hitzetan, tranbiak “oinarrizko eskubideak urratzen ditu” eta “nazioarteko zuzenbidea mespretxatzen du”. Horregatik, Eusko Jaurlaritzari eskatu dio neurriak har ditzala eta CAF proiektutik ateratzea bultza dezala.
Imanol Pradales Lehendakariak, ordea, babes irmoa adierazi dio CAF enpresari. “CAF ez da Gazako genozidioaren parte”, adierazi di, eta Hernandezek egindako akusazioak “oso larriak” direla salatu du. “Ez du denak balio politika egiteko”, gehitu du.
Gainera, Pradalesek koherentzia eskatu dio Sumarri, gogoraraziz Madrilen onartutako azken dekretuan -Sumarren sinadurarekin- ez dela “inolako neurririk jaso CAF edo antzeko enpresen aurka”. “Zergatik eskatzen duzu hemen zure alderdiak Espainian ezartzen ez duena?”, galdetu dio.
Lehendakariak aipatu du, halaber, CAFek berak atzo argitaratutako komunikatua, zeinean enpresak ukatu egiten duen bere proiektuak giza eskubideak urratzen dituela. “Genozidioaren erantzulea Netanyahuren gobernua da”, gehitu du Pradalesek. “Aski da enpresak seinalatzeaz eta minarekin demagogia egiteaz”.













