Iraileko ekitaldi agenda betearen azken txanpa dute Lazkaon
Gaur arratsaldean hasi eta astelehenera arte iraungo dute sanmigeletako azken ospakizunek Lazkaon. Ohiko osagaiak berrartu dituzte: duatloia, Basherri Eguna eta San Migel eguna. Astelehenean ospatuko dute patroi handiaren eguna, egun osoko jardunaldiarekin.
Garagardo azokarekin ireki zuten San Migel eguna berotzeko ekitaldiz beteriko hilabetea. Lazkaoko Udala San Migel jaiak ospatzeko, iraileko ekitaldi-agenda beteari amaiera emango diote lazkaotarrek asteburu osoko egitarauarekin. Udazkenarekin batera, herritarrek aspaldian itxarondako egunak biziko dituzte, Basherri Eguna eta San Migel eguna tartean direlarik; ohiko osagaiekin borobilduko dute San Migel jaien azken asteburua, eta gaurtik astelehenera arte luzatuko da ospakizuna.
Asteburu betea
Hurrengo egunetako ekintzetarako indarrak hartzen joateko eta giroa pizten hasteko, gaur, Suthai taldearen batukada ikuskizuna izango da; 19:00etatik aurrera, kale eta plazak erritmoz eta soinu biziz beteko dira. Bihar, berriz, giro bizia izango da egun osoan zehar: goizean eskolaumeen eta gaztetxoen ohiko duatloia jokatuko da, eta aldi berean, txarangek kaleak alaituko dituzte goiz eta arratsaldez. Colonia Guell, Jundajo eta Burrunbazale taldeek egingo dute juntadizoa. Arratsaldean, 19:00etatik aurrera, gainera, Lazkaoko talogileek prestatutako taloak eta sagardoa dastatzeko aukera egongo da. Igandean, landa-munduari eskainiko zaio arretarik handiena. Izan ere, XIII. Basherri Eguna ospatuko da, 11:00etatik aurrera plazan. Baserriko produktuen azoka, artisautza-postuak eta animalien erakusketak egongo dira goizean zehar, eta arratsaldean, Mariachi Imperial Elegancia Mexicana taldearen kontzertua izango da. Goizean Josetxo Imaz lasterketa ere igaroko da Lazkaotik.
Azkenerako, San Migel
Astelehena izango da azken festa-eguna. Patroi handiaren eguna. San Migel eguna. San Migel pilota txapelketarekin hasiko dute eguna eta haur eta gazteen parkea zabalik egongo da egun osoan. Meza nagusiaren ondoren, jubilatuen bazkaria egingo dute, eta arratsalderako, Sukar erromeria taldeak alaituko du plaza. Afari herrikoia egingo dute gero, eta erromeria taldearen bigarren emanaldiarekin itxiko dute eguna.













