Ormaiztegin festa herrikoia dute bihar
Lehiaketez betetako eguna izango da: Toka, Harrikalari eta Mus Txapelketak, Mendi Bizikleta Proba eta Tortilla Patata Lehiaketa jokatuko dira.
2023ko Harrikalari txapelketaren irudia.Aimar Maiz San Migel festa herrikoia larunbatarekin ospatuko dute ormaiztegiarrek, bihar. Ospakizunik ez da faltako eta ekitaldiz beteriko zapatua izango dute. Besteak beste, lehiaketak nagusituko dira egun osoan zehar.
Lehia bizia
Goizean, 29. Mendi Bizikleta Proba 09:00etan jokatuko da, baina 08:15ean egingo dira parte hartu nahi duten korrikalarien inskripzioak. Ondoren, haur jolasak (10:30, Antonenen), 33. Toka Txapelketa (11:45ean, gizarte etxean) eta 29. Harrikalari txapelketa (jarraian, Antonenen) jokatuko dira. Azken hori Xabin Ezkurdiaren omenezko bigarrena izango da. Tokan, sari gisa garaikurrak eta arkumea zein legatza banatuko dizkiete aurreneko biei, eta harrikalariei, berriz, garaikurra eta harriaren pisua txuleta eta odolkitan.
Arratsaldean, 16:00etan, 33. Mus Txapelketa jokatuko da eliz-atarian eta ordubete lehenago egingo da izen-ematea, 15:00etatik 15:45era, bikoteko 20 euro ordainduta. Aurreneko irabazleak, txapela, garaikurra, afaria eta bildutakoaren erdia irabaziko ditu; bigarrenak, garaikurra, gazta eta bildutakoaren herena; eta hirugarrenak, berriz, ardo kaxa eta bildutakoaren %20a. Bikotekako XVII. Patata-Tortilla Lehiaketa jokatuko da gero, 17:45ean, arboladian. Irabazle bakarra izango da aurtengoan ere, eta Kukon afaria irabazteaz gain, Zumalakarregi Museoko amantalak eta Odolki Eguneko epaimahaiko kide izatea egokituko zaizkio.
Afaria bukatzeko
Egunari amaiera emateko, 21:00etan afari herrikoia egingo dute karpan. Dagoeneko ezin dira tiketak erosi. Gauean, berriz, Bentazaharreko Mutiko Alaiak taldeak alaituko du giroa, musika doinuez herria blaituta.













