«Ziklo-krosa beti izan da txirrindularitzaren anaia pobrea»
Ormaiztegiko ziklo-krosa Euskal Herriko eta Espainiako lasterketarik zaharrena da. Angel Elortza herritarra 1981etik dabil antolaketa lanetan. Aurten, ardurak utziko ditu erreleboa bermatuta.
Angel Elorza Ormaiztegiko txirrindularien omenezko eskulturan. Josune Zarandona Ziklo-krosak garai hobeak bizi izan zituela pentsatzen du Angel Elortzak (Ormaiztegi, 1960). Txirrindularitza eta argazkilaritza bere afizio gogokoenak ditu eta Ormaiztegiko ziklo-krosak biak uztartzeko aukera eman dio. 40 urtetik gora eman ditu antolaketa lanetan eta aurten erreleboa pasatzea erabaki du. Ormaiztegiko 53. ziklo-krosa urtarrilean bertan behera geratu eta gero, azaroaren 9an jokatuko da azkenean, nazioarteko maila estreinatuz UCI C2 mailan.
53. edizioa beteko du aurten, azkenean bai, Ormaiztegiko ziklo-krosak.
Gorabeherak izan ditu urte hauetan guztietan, hala ere. 1962an jokatu zen aurrenekoa eta 1975etik 1978ra izan zuen lehendabiziko etena. Gero, berriz errekuperatu zen eta berriro ere eten. Sei-zazpi urtetan ez zen ziklo-krosik antolatu, 2004an berriz antolatzeari ekin genion arte. Garai hartan Gorka eta Ion Izagirre kadete mailan jokatzen hasita zeuden; aukera eman nahi genien herrian lehiatzeko. Herriko gazte talde bat eta lehendik esperientzia genuen beste batzuk elkartu ginen, Iñaki Maiora, Joxe Ramon Izagirre… eta hala ekin genion berriz.
Nondik datorkizu zaletasuna?
Haurra nintzenetik ezagutu dut ziklo-krosa Ormaiztegin. 1981ean hasi nintzen laguntzen, goiko bidegurutzean kontrol lanetan. Argazki batzuk egiteko ere aprobetxatzen nuen. Pixkanaka, 1984an ia antolakuntzan sartu nintzen, ardura guztiekin. 1990ean utzi egin nuen ardura, baina laguntzen jarraitu nuen, 2004an berriz antolakuntza taldean sartu nintzen arte.
Gogoan al daukazu bereziki, lasterketaren bat?
Lehendabiziko etenaren ondotik, 1979an berriz hasi ziren nazioarte mailako lasterketak antolatzen. Iñaki Maiora, Jose Mari Iurrebaso, Iñaki Bijandi bizkaitarra… Espainiako txapeldun izandako Francisco Sala katalana… parte hartzen zuten. 1986an De Vlaeminckekin batera, Klaus-Peter Thaler alemana, Pascal Richard txapeldun olinpikoa izandakoa, Lucien De Brauwere belgikarra… egon ziren Ormaiztegin, lasterketa ikusgarria izan zen.
«[Gorka] Izagirrek hainbeste eman dion herriari zerbait itzuli nahi zion; horregatik animatu da»
Zertan aldatu da ziklo-krosa?
Ziklo-krosa beti izan da txirrindularitzaren anaia pobrea hemen. Garai batean zirkuitu oso gogorrak egiten ziren, aldapa handiak, jaitsiera pikoak. Hori kendu egin zen eta zirkuitu suabeagoak, teknikoagoak egitea erabaki zen. Txirrindulari profesionalak inoiz ez dira animatu edo ez diete utzi ziklo-krosa egiten, eta horrek asko mugatu du. Kadete eta gazte mailetako txirrindulari askok hartzen dute parte ziklo-krosean, baina 23 urtez azpikoen mailara iristen direnean, denak errepidera jotzen dute. 40 eta 50 urteetako Master mailako batzuk ere parte hartzen dute, igande goiz bat bizikletan emateko. Ziklo-krosa ez dago bere momentu onenean.
Urtarrilean 53. edizioa egin gabe geratu zen. Kolpe gogorra izan zen antolakuntzarentzat?
Denon artean hartutako erabakia izan zen, presioa egiteko modu bat izan zen. Gipuzkoa zen arazoa, Ertzaintzaren eta antolatzaileen artean ez zegoen adostasunik. Bizkaian eta Araban ez da liskarrik egon.
Azaroaren 9an egingo da azkenean. Data bakarrik ez, zirkuitua ere aldatuko da.
Herrigunera ekarriko dugu berriz, eta zirkuitua ez da hain aldapatsua izango. Covid garaian hasi ginen goiko aldean lasterketa antolatzen, orduko arauek herrigunetik kanpora egitera behartzen zigutelako. Nazioarte mailako lasterketa izango da eta herri guztira zabaltzea egoki ikusi dugu, garai batean egiten zen estilora.
Uste ez zenutenean iritsi zaizuen erreleboa antolaketan.
Azken urteetan antolaketa lanetan buru ibiltzen ginen Joxe Mari Izagirre eta ni sinistuta geunden ez genuela guri erreleboa emango zigun belaunaldi berririk ezagutuko. Gutun bat aurkeztu nuen uzteko nituen arrazoiekin. Azkenean, Gorka Izagirrek eta herriko lagun pare batek hartu dute antolatzeko ardura, sorpresa bat izan da. Izagirrek hainbeste eman dion herriari zerbait itzuli nahi zion, eta horregatik animatu da.
Laguntzen jarraitzen duzu, hala ere.
Bai, elkarlanean ari gara. Etorkizunean ere jarraituko dut laguntzen, baina koordinazio lan hori utzita. Gauzak ondo ateratzea espero dut. Nazioarte mailako hainbat txirrindulari etorriko dira.













