CAFeko langileek lanuztea egingo dute Palestinaren alde
Ordubeteko lanuztea eta elkarretaratzea egingo dute langileek, CAFek lurralde okupatuan duen jarduera kritikatzeko eta giza eskubideen aldeko aldarria egiteko.
Elkarretaratzea Palestinaren alde CAFen Beasaingo lantegiaren aurrean, artxiboko irudian.Tere Madinabeitia CAF enpresako langileak lanuztea egitera deituta daude asteazkenean, 10:00etatik 11:00etara, enpresak nazioarteko proiektuetan duen jarduera kritikatzeko, bereziki, Jerusalemgo tranbiaren proiektuan parte hartzeagatik. Nazio Batuen Erakundeak ostiralean esan zuen, CAF lurralde okupatuan lanean diharduen enpresetako bat dela, eta ohartarazi dute tranbiaren proiektuak okupazioa eta kolonia ilegalen sarea indartzen duela.
CAFeko zuzendaritzak horren aurretik zabaldutako komunikatuak, ordea, bere jarduera justifikatzen du, proiektuaren erantzukizuna ukatuz.
Horren aurrean, CAFeko Enpresa Batzordeak kritikatu du enpresak ez duela ardura sozialik onartu, eta ez duela urratsik egin Israel gauzatzen ari den okupazioarekin lotura murrizteko, nahiz eta langileek 2018tik horrelako aldarrikapenak egin.
CAFeko Enpresa Batzordeak adierazi du komunikazio horrek ez duela ordezkatzen langileen sentimendua, eta horregatik, elkarretaratzea eta ordubeteko lanuztea deitu dute, enpresaren egoitzaren aurrean, Palestinarekin elkartasuna adierazteko eta giza eskubideen alde.
Enpresa Batzordeak gaineratu du CAF ez dela kasu isolatua: “enpresa eta erakunde gehiago daude Euskal Herrian Israelekin harreman komertzialak dituztenak”, eta langileek uste dute, “ardura etikoa eta soziala” izan behar dutela horiek ere.













