Hausnarketara biltzeko aterkia, Berjaldegin
Jende ugari bildu da Itziar De La Granjaren 'Aterki inklusiboa' eskulturaren aurkezpen ekitaldira.
Ostiralean egin zuten 'Aterki inklusiboa' eskulturaren aurkezpena Ormaiztegin. Angel Elorza Ormaiztegiko Berjaldegi auzoa izango da aurrerantzean, Itziar De La Granja artistaren Aterki inklusiboa eskulturaren kokalekua. De La Granjak Arteriaren diru laguntza jaso zuen 2022an proiektuarentzat. Ostiralean egin zuten jendaurreko aurkezpena, De La Granjaren beraren eta Arteriako Iker Zinkunegiren hitzek hasiera eman ziotelarik. Poesiak eta bertsoak borobildu zuten ekitaldia.
2022an Arteria Goierriko sormen lantegiaren dirulaguntza jaso zuen proiektuak. «Harreman sozialak saretu eta bazterrean daudenentzako nolabaiteko aterki bat sortzea zen helburua, bertan aterpe bat izan dezaten, transmisio moduetan sakondu eta elkarri begiratzeko beste modu bat bilatzeko», esan du lanari buruz De La Granjak.
Zumitzez eta burdinez osatutako 3 metro eta erdiko altuera eta 2 metroko zabalera duen eskultura izan da emaitza, astearte goizean Ormaiztegiko Berjaldegi plazan kokatu dutena. «Zumitzezko zortzi hiruki ditu guztira, kirten bat eta zumitzezko borobil handi bat, inklusio hitzaren i hizkia irudikatzen duena», azaldu du artistak.
Herriz herri
Proiektua ibiltaria izan da eta bi urteetan zehar Ormaiztegin, Urretxun, Seguran, Beasainen eta Ordizian izan da «baztertze egoeran edo zailtasunak dituzten kolektiboekin lanean». Elkarlanean osatu dituzte aterki erraldoi horren estalkia osatzen duten zumitzezko hirukiak, habiaren teknika erabilita. Herri horietako elkarte ezberdinei egin zitzaien proiektuan parte hartzeko deialdia. Elkarteetako kideez gain, boluntarioek eta kalean batuz joan diren hainbat pertsonak ere hartu dute parte proiektuan. «Jendearekin harremana oso ona izan da, oso motibatzailea izan da niretzat, eta baita parte hartu duten guztientzat ere. Jende oso anitzarekin egon gara, batzuek ulertu dute proiektuaren ideia orokorra zein den, baina beste askok ez, dituzten zailtasunengatik. Baina gustura aritu dira; azken batean denoi gustatzen zaigu zerbaiten parte garela sentitzea», azpimarratu du.
Proiektua amaituta, lekua ere bilatu du aterki inklusiboak Ormaiztegin. «Ormaiztegi izan zen proiektuaren aldeko apustua egin zuen Goierriko lehendabiziko herria. Eskultura bera kokatzeko leku bat ere proposatu zuen berehala eta prozesuan zehar gauza asko erraztu dizkigu», dio kokalekuaren aukeraketaren inguruan. Segurak ere interesa agertu du, baina eskultura leku batetik bestera aldatzeak «bere zailtasunak» dituela dio De La Granjak.
Aurrerantzean Ormaiztegin egongo da ikusgai inklusioaren aterkia, gizartean hausnarketa bat eragiteko helburuarekin. «Normatiboa ez den oro alboratzeko joera daukagu. Gainontzekoenganako daukagun begirada aldatu beharra daukagu; batzuetan ezberdintasunak ez dira hainbeste», amaitu du.














