Idiazabaldarrak Asteasuko I. Mendi Duatloiko podiumean
Josu Urrestarazuk irabazi du gizonezkoen mailan, bakarka, Asteasuko lasterketa, eta Ainhoa Marquinezek, berriz, bigarren egin du emakumeetan, bakarka hark ere. Euskal Herriko Mendi Duatloi zirkuituari hasiera eman dion probak. Urriaren 11n Idiazabalen jokatuko da.
Josu Urrestarazu, Asteasuko proban, mendiko bizikletako saioan.ATARIA Asteasun hasi zen larunbatean, Euskal Herriko Mendi Duatloi Zirkuitua (EHMDZ) Asteasuko I. Mendi Duatloiarekin. Bakarka, 50 lagun lehiatu ziren eta erreleboka 28 bikote; guztira ehundik gora lagun, beraz. Bi idiazabaldar izan dira podiumaren gorengo postuetan, bakarka. Josu Urrestarazu lehenengoa izan da gizonezkoetan eta Ainhoa Marquinez, bigarren, emakumezkoetan.
Korrikako saioan aldea aterata eta mendi bizikletan tarte hori ondo kudeatuta lortu zuen garaipena Urrestarazuk (1:25:13). “Aurreko bi asteburuetan, Axari Trail txikian eta Beriaingo bertikalean gorputzaldi onean sentitu nintzen, eta hirugarren asteburuan jarraian ere hala sentitu naiz”, jaso ditu Urrestarazuren hitzak BERRIA egunkarian, Ramon Olasagastik. Urrestarazurekin batera osatu zuten podiuma Paul Bereziartuak (1:25:55) eta Alberto Gomez del Riok (1:27:56).
Emakumezkoetan, Maddi Olaetxea (1:51:26) usurbildarrarentzat izan zen garaipena Asteasun eta bigarren postuan sailkatu zen, Marquinez idiazabaldarra, bi ordu pasatxoko denbora eginda. (2:00:37). Nekane Pradera mallabitarrak osatu zuen podiuma hirugarren postuan (2:03:24).
Urriaren 11n Idiazabalen
Asteasun eman dio hasiera asteburu honetan EHMDZ-k aurtengo zirkuituari. Beste sei probaz osatuko da; tartean, urriaren 11n Idiazabalen jokatuko da bat. Aurretik Durango da hitzordua asteburu honetan, urriak 4 eta ondoren; urriaren 18an Kanpezun (Araba) —Euskal Herriko txapelketa jokatuko da bertan—; urriaren 25ean, Aian; azaroaren 1ean Ibarran eta azaroaren 15ean Adunan.
Asteasuko 1. Mendi Duatloiko bakarkako sailkapen guztiak esteka honetan, eta errelebokakoak, hemen.













