Igartza Sariaren etorkizunak eztabaida sortu du osoko bilkuran
EAJren eta PSE-EEren mozioa atera da aurrera, osoko bilkuran aurkeztu ziren hiru mozioen artean. Garraio publikoaren kalitatea ere eztabaidagai izan dute. Barrendain plaza berritzeko prozedura onartu da.
Beasaingo udal eraikina, Loinazko San Martin plazan.Ariane Vierbücher Beasaingo udaletxean eztabaida sortu zen azken osoko bilkuran, pasa den ostegunean, Igartza Sariaren eta CAF enpresaren inguruan, Saioa Alkaizak azken edizioaren irabazleak bekari uko egin ondoren eta handik hamar egunera Elkar argitaletxeak sariketa bertan behera utzi ostean. Egoera horren aurrean, udalbatzan hiru mozio aurkeztu ziren. Elkarrekin-Podemosek erregistratu zuen lehen mozioa, eta horren ondoren iritsi ziren EAJk eta PSE-EEk batera aurkeztutako kontramozioa eta EH Bildurena, bere aldetik. Hiru mozioak, gaiaren inguruan dauden iritzi kontrajarrien erakusle dira.
Elkarrekin-Podemosek udal gobernuari leporatu zion CAFen parte-hartzearekiko jarrera argirik ezak beka arriskuan jarri izana eta proposatu zuten Saioa Alkaizari beka udal finantzaketarekin itzultzea eta CAF gabe beste babesle batzuk bilatzea.
EAJren eta PSE-EEren mozioak, berriz, Gazako genozidioa irmoki salatu zuen, baina aldi berean Igartza bekaren balioa eta jarraipena defendatu zituen. Talde biek azpimarratu zuten sariak urte luzez euskal kulturari eta idazle gazteei egindako ekarpena, eta CAFen parte-hartzea publikoa eta pribatua uztartzen dituen lankidetza gisa baloratu zuten.
EH Bilduk Igartza Sariaren balioa eta euskal kulturan egiten duen ekarpena publikoki aitortzea eta babestea eskatu zuen bere mozioan. Gainera, CAF enpresari gogoeta egitea eta bere nazioarteko proiektuek giza eskubideekin bat egiten dutela bermatzea eskatu zuen, baita Israelekin dituen harremanak etetea eskatu ere.
Bozetan, EAJren eta PSE-EEren mozioak egin zuen aurrera, idatzia aurkeztu zuten bi alderdien babesarekin. Elkarrekin-Podemosek aurka bozkatu zuen, eta EH Bilduk abstentziora jo zuen.
Garraio publikoa
Igartza Sariaren inguruko tirabirekin batera, garraio publikoa izan zen Beasaingo azken osoko bilkurako beste gai nagusietako bat. Elkarrekin-Podemosek aldirietako tren zerbitzuaren gabeziak salatu zituen, eta EAJk eta PSE-EEk mozio alternatiboa aurkeztu zuen, egungo egoera arintzeko Lurraldebuseko G007 linearen garrantzia azpimarratuz.
Elkarrekin-Podemosek gogorarazi zuen Brinkola-Irun tren lineako zerbitzua «nabarmen okertu» dela azken hilabeteetan: Donostiara joateko trenak orduan behin baino ez dira abiatzen, bidaiak 65 minututik gora irauten du eta maiz gainkargatutako unitateetan eserleku faltak sortzen dira.
Elkarrekin-Podemosek salatu zuen egoera hori Eusko Jaurlaritzak AHTri emandako lehentasunaren ondorio dela, eta egoera konpontzen ez den bitartean, aldirietako zerbitzua doan eskaintzea eskatu zuen. Halaber, G007 autobus linearen jarraipenerako unitate tekniko bat sortzea eta mugikortasun iraunkorreko plan berezi bat abiatzea proposatu zuen.
Bestalde, EAJk eta PSE-EEk aurkeztutako mozio alternatiboak trenbideko obrak «beharrezkoak» direla azpimarratu zuen, eta horrek ekarri zituen eragozpenak arintzeko sortu dela G007 autobus linea. Bi alderdiek gogorarazi zuten autobusa «herritarren eskaera historiko bati erantzuteko» sortu zela, eta azken urtean eskualdeko erabiltzaileentzat alternatiba eraginkorra bihurtu dela. Horregatik, Gipuzkoako Foru Aldundiari eskatu zioten zerbitzua mantentzeko eta indartzeko, puntako orduetan eskaintza handituz. Aldi berean, Eusko Jaurlaritzari galdegin zioten, Renferi eta Adifi presio egin diezaien, obrak amaitzean tren zerbitzua aurreko maiztasunetara itzul dadin.
Bozetan, EAJren eta PSE-EEren mozioak egin zuen aurrera, bi alderdi horien bozekin. Elkarrekin-Podemosek eta EH Bilduk abstentziora jo zuten.
Beste gai batzuk
Iraileko osoko bilkuran landu ziren ere, Lurralde Batzordeak proposatutako beste hainbat gai. Barrendain plazako berrurbanizazioa gobernu batzordean kontratatzeko prozedura ireki arruntez onartu zen. Helburua da plaza topagune irisgarri, osasungarri eta lagunkoi bihurtzea, giza harremanak eta belaunaldien arteko loturak sustatuz, eta nahi ez den bakardadea arintzea. Prozesu parte-hartzailean hirugarren sektoreko eragileak, EHUko ikerketa taldeak, zaintzaren sektoreko enpresak eta udal ordezkariek parte hartu dute. Espazioaren ezaugarriak zehaztu dituzte, hala nola elkarrizketarako bankuak eta belaunaldi arteko jarduera-guneak, eta horrela Barrendain plaza bihurtuko da Gipuzkoa nahigabeko bakardadeari aurre egiteko berariaz diseinatutako lehen plaza.
Horrez gain, udalbatzak aho batez onartu zuen, Beasaingo Udala Euskadiko Mugikortasun eta Logistika Klusterrean sartzea. bazkide izateak aukera ematen dio hiri-azpiegiturak modernizatzeko, garraio sistemak optimizatzeko irtenbide teknologiko berriak ezartzeko eta karbono aztarna murrizteko sistema adimenduak garatzeko. Era berean, esperientziak eta jardunbide egokiak partekatzeko eta aliantza estrategikoak egiteko aukera ematen du, mugikortasun eta logistika jasangarriago eta eraginkorragoak sustatzeko.













