Kirolean sustatu beharreko jarrera eredugarrien dekalogoa aurkeztu dute Lazkaon
Herriko eragileekin elkarlanean garatu du Lazkaoko Udalak, eta haurren zein gazteen garapen pertsonala, emozionala eta soziala bultzatzen duten onura giltzarriak jasotzen ditu.
Herriko eragile ezberdinen ordezkariak, dekalogoaren aurkezpenean. Lazkaoko Udala Lazkaoko Udalak kirolean jarrera eredugarriak sustatzeko dekalogo bat aurkeztu du joan den astean. Udalerriko kirol erakundeekin, San Benito Ikastolarekin eta eskola-kiroleko eragileekin elkarlanean garaturiko dekalogoa da, eta haurren zein gazteen garapen pertsonala, emozionala eta soziala bultzatzen duten onura giltzarriak jasotzen ditu, “kirol praktika hezitzaile batez bidez”. Kirol Batzordearen baitan egindako baterako hausnarketa baten emaitza izan da hau.
Kirolean ari naizenean, AITA, AMA, IKUSLE… utz nazazu gozatzen lelopean ondu dute proiektua, eta helburu nagusia haurrek zein gazteek kirol esperientzia osasungarri, hezitzaile eta eredugarria izatea dela adierazi du Lazkaoko Udalak. Hori dela eta, kirolariei ez ezik, entrenatzaileei, kirol arduradunei, familiei eta ikusleei zuzendua izan da; adierazi dute errespetua dela dekalogoaren oinarrian dagoen balio nagusiena, baina bestelako printzipio batzuk ere jasotzen ditu:
- Jarrera eredugarria izatea, kirol guneetan zein harmailetan.
- Gogoratzea kirola gozatzeko jarduera dela; utzi kirolariei gozatzen.
- Joko garbia txalotzea eta animatzea, irainik gabe.
- Zintzo eta garbi jokatzea, kirolaren arauak errespetatuz.
- Beti errespetuz jokatu aurkariekin, epaileekin, entrenatzaileekin eta ikusleekin.
- Guztiak garela beharrezkoak onartzea; ez dago ez titularrik, ez ordezkorik.
- Enpatia landu eta jarrera berdinzale eta arrazakeriarik gabea izatea: ni eta zu gara gu.
- Kirola euskaraz egitea eta euskara kirolean biziberritzea.
- Dekalogoa bete eta betearaztea kirol espazio guztietan.
Lazkaoko kirol erakunde nagusien babesa ere jaso du dekalogoak: Lazkaoko Kirol Elkartea, Goierri Gorri Futbol Kluba, Lazkao Antzar Pilota Kirol Elkartea, San Benito Ikastola, Kirol Batzordeko ordezkariak eta Lazkaoko Udala bera. Herriari honen berri emateko, dekalogoa zabaltzeko eta sentsibilizazioa sustatzeko, Udalak panel informatiboak jarriko dituela azaldu du udalerriko lau kirol egune esanguratsuetan: Joxemiel Barandiaran Kiroldegian, Harizti Haundi kirol eremuan, San Benito Ikastolako gune estalian eta Gurutzeko kirol gunean.













