Beasaingo Irakurle Taldeak ikasturte berria martxan jarriko du urrian
Euskarazko literaturari eta hausnarketa partekatuari bide emanez, herriko kultur topagune izateko helburuarekin abiatuko dute Irakurle Taldea ikasturte berrian, Aintzane Usandizagak gidatuta.
Aintzane Usandizaga Beasaingo Irakurle Taldearen dinamizatzailea. Beasaingo Udal Liburutegiak eta Udalak berriro ere martxan jarri dute herriko Irakurle taldea, urteetako ibilbideari jarraipena emanez. Ikasturte berriaren helburuak dira euskaraz irakurtzeko ohitura indartzea; euskal literaturaren aniztasuna herritarren eskura jartzea; eta irakurketaren bueltan hausnarketarako espazio eroso eta erakargarria eskaintzea.
Ikasturte honetan ere Aintzane Usandizaga Lopez izango da taldearen gidaria. Berak egingo ditu liburu proposamenak eta solasaldiak dinamizatuko ditu, giro irekia eta parte-hartzailea sortuz. Hala, irakurle bakoitzak bere esperientzia eta ikuspegia plazaratzeko aukera izango du, eta taldeak aukera ematen du horiek aberasteko eta beste ikuspuntu batzuk deskubritzeko. Irakurketa jarduera indibidual hutsa izan ordez, komunitatean bizitzeko eta gozatzeko aukera emanez.
Hilean behin
Saioak hilean behin egingo dira, astearteetan, 17:30ean, liburutegian. Parte-hartzaileek aldez aurretik proposatutako liburua irakurriko dute, eta ondoren, taldean partekatuko dituzte iritziak, hausnarketak eta sentipenak. Dinamika honek, udalaren arabera, “euskarazko irakurzaletasuna sendotzeaz gain, elkarrizketa, pentsamendu kritikoa eta belaunaldien arteko harremanak ere sustatzen ditu”.
Ikasturtearen lehen hiruhilekoan hiru saio izango dira. Lehenengoan, urriaren 21ean, Nerea Loiolaren Zebrak eta bideak liburua izango dute mintzagai; azaroaren 18an, berriz, Uxue Alberdiren Hetero; eta abenduaren 9an, Miren Amurizaren Pleibak hausnartuko dute, egilearekin batera. Abenduko saio horretan irakurleek aukera izango dute idazlearekin zuzenean solasteko, bere lanaren inguruko gakoak bertatik bertara ezagutuz.
Urtarriletik ekainera bitarteko irakurgaiak abenduan zehaztuko dira, irakurleen interesak eta Durangoko Azokako berritasunak kontuan hartuta. Gainera, ikasturte amaieran ohikoa denez, memoria historikoari lotutako liburu bat izango dute hizpide.
Herritarrentzat irekia
Beasaingo Irakurle Taldea herriko ekimenen artean erreferente bihurtu da, eta herritarren arteko topagune berezia sortu du. Udaletik nabarmendu dutenez, “taldeak ez du soilik literaturaz gozatzeko aukera eskaintzen, baizik eta gizarte gaiei, historiari edo arteari buruz hausnartzeko espazio ere bada”.
Irakurle Taldean parte hartu nahi duten herritarrak Beasaingo Udal Liburutegian eman dezakete izena, aurrez aurre, telefonoz (943 028 070) edota posta elektronikoz (biblioteka@beasain.eus).
Beasaingo udalak gogorarazi duenez, “irakurtzea jarduera indibiduala da, baina taldean partekatzen denean askoz aberatsagoa bihurtzen da”.













