Gazte Tour Beasainera iritsiko da urriaren 4an
Tatta & Denso eta Marte Lasarte izango dira artista nagusiak, eta haiekin batera Sotoalde laukotea, Kiimak taldea eta Undercarrot DJ ordiziarra igoko dira oholtzara. Sara Elirok dantza ikastaroa eskainiko du egun berean.
Gazte Tour programak Beasainen abiatuko du 2025 urteko udazkeneko bira. Urriaren 4an, larunbatean, izango da hitzordua, goizean dantza ikastaroa izango da. Sara Eliro dantzariak emango du ikastaroa, Urbieta arte plastikoen zentroan, 10:30ean hasita. Aitanaren dantzaria izandako artista gazte hau, gaur egun, dantza-eszenako izen nagusietako bat da. Arratsaldean musika emanaldiekin osatuko da eguneko egitaraua. Tatta & Denso eta Marte Lasarte izango dira artista nagusiak, eta haiekin batera Sotoalde laukotea, Kiimak taldea eta Undercarrot DJ ordiziarra igoko dira oholtzara. Beasaingo Ezkierdi pilotalekuan izango da, 19:00etan hasita eta doakoa izango da sarrera.
Goizane Alvarez Gipuzkoako Kultura eta gazteriako diputatuak azaldu duenez, Foru Aldundiak udalerriekin elkarlanean sustatzen duen ekimen honek “kultura gazteengana hurbiltzea” du helburu, musika eta arte eszenikoak oinarri hartuta. Azpimarratu duenez, 2018tik hona, programak %60 handitu du parte-hartzea, eta “gazteentzat urteko hitzordu kultural gogokoenetako bat bihurtu da”.
Beasaingo saioarekin batera, udazkeneko bira hurrengo asteetan jarraituko du Aian, Astigarragan eta Errenterian. Horietan ere ikastaro desberdinak eta kontzertuak izango dira.
Azken urteotan, Gazte Tourrek Lola Indigo, Merina Gris, Lia Kali, Hofex 4.40 edo Kai Nakai bezalako izenak ekarri ditu Gipuzkoara, eta aurten ere gazteen artean interes handia piztea espero da.













