Idiazabalgo Mendi Duatloia urriaren 11n jokatuko da, lehenengoz
Euskal Herriko zirkuituko lasterketa izango da; Goierrin jokatuko den bakarra. «Zirkuitua aldapatsua izango da eta herriko txoko politak sartzen saiatu gara», nabarmendu dute antolatzaileek.
Josu Urrestarazu, Asteasuko proban, mendiko bizikletako saioan.ATARIA Asteburu honetan Asteasun eman zaio hasiera 15. Euskal Herriko Mendi Duatloi Zirkuituari (EHMDZ). Josu Urrestarazu eta Ainhoa Marquinez idiazabaldarrak fin aritu dira eta biek podiumera igotzeko aukera izan zuten larunbatean. Korrikako saioan aldea aterata eta mendi bizikletako tartea ondo kudeatuta lortu zuen garaipena Urrestarazuk (1:25:13) bakarka, gizonezkoen mailan; Marquinezek bigarren egin zuen (2:00:37), Maddi Olaetxea (1:51:26) usurbildararren atzetik, emakumezkoetan.
Aurten, zazpi probek osatuko dute EHMDZ; tartean, urriren 11n Idiazabalen egingo da bat, aurten lehenengoz. EHMDZtik iritsi zitzaien iaz proposamena Idiazabalgo kirol elkarteko txirrindularitza saileko Ander Berasategik esan duenez. «Azken bi edo hiru urtetan herriko gazte asko ari da kirol honetan parte hartzen eta hori izan da arrazoietako bat», esan du.
Urriaren 11n, 16:00etan abiatuko da Idiazabalgo I. mendi duatloia. «Zirkuitua aldapatsua izango da eta herriko txoko politak sartzen saiatu gara», azaldu du. Ibilbidea ez da teknikoa, baina «gutxieneko prestakuntza daukan edonork egiteko modukoa».
Goierriko bakarra
Lasterketan bakarka edo bikoteka parte hartzeko aukera dago. Izen ematea irekita dago urriaren 8ra arte, rockthesport.com web gunean. Hiru sektoretan banatuta jokatuko da: «korrika 5,88 kilometro; bizikletan, 14,82 kilometro eta korrika beste 2,18 kilometro». Garai batean EHMDZren barruan Zegamako mendi duatloia eta Besaingo Arriaran eta Igartzakoak jokatzen zirela oroitu du Berasategik. Proba horiek desagertu dira, egun eta aurten Idiazabalgoa izango da Goierrin jokatuko den bakarra. Antolakuntzatik, eskerrak eman dizkiete probaren antolakuntzan lagundu duten herriko eragile guztiei.













