Inoizko turismo datu onenak lortu dituzte Idiazabalen uda honetan
1.885 pertsonak bisitatu dute Gaztaren interpretazio zentroa. Bisitari gehienak Euskal Herritik eta Kataluniatik etorri dira.
Bisitariak Idiazabalgo Gaztaren interpretazio zentroan, uda honetan. Idiazabalgo Udala Gora egin du Idiazabalen bisita kopuruak uda honetan. Hala baieztatu du Leire Arandia, Gaztaren interpretazio zentroko kudeatzaileak. Orokorrean egin du gora turismoak Goierrin eta horrek isla izan du Idiazabalen ere, «Donostia nahikoa masifikatuta dago dagoeneko; jendeak beste aukera batzuk bilatzen ditu eta horrek guri onura egiten digu», azpimarratu du Arandiak.
Aurten, Idiazabal: gaztaren herria turismo kanpaina berria aurkeztu da eta mapa turistiko berria ere egin dute. Uztailetik irailaren erdira, guztira 1.885 pertsona pasa dira Gaztaren interpretazio zentrotik, iaz baino 215 lagun gehiago. Interpretazio zentroan lau bisita gidatu eskaintzen dituzte egunero udan, bi goizean eta bi arratsaldean eta «bisita ia guztiak bete dira egunero».
Arandiak dioenez, Idiazabalera gerturatzen den bisitarien gehiengoa bisita egiteko asmoz gerturatzen da, «Idiazabalen web gunetik aurrez erreserba egiteko aukera dago eta askok erabiltzen dute aukera hori», dio. Bi profil nabarmendu ditu: «aurretik erreserba eginda datorrena eta Idiazabal bisitatzera etorri eta interpretazio zentroak gelditzen direnak. Gehienak bisita egiteko asmoarekin etortzen dira, aurrez pentsatuta».
Bikoteak eta familiak
Arandiak ez du uste bisitarien profil zehatz bat dagoenik, baina zerbait azpimarratzekotan gehienak «40 eta 60 urte bitarteko bikoteak eta haurrekin datozen familiak» direla aipatu du. Familiek gaztandegietara bisitak nahiago dituzte, «Idiazabalen Aranburuk goizetan egunero ematen du aukera eta Gaztañaditxulon prestutasunaren arabera. Jendeak badauka interesa gaztandegietara joateko», azpimarratu du.
Jatorriari dagokionean, Euskal Herriko gainontzeko lurraldeetatik, Herrialde Katalanetatik eta Madrildik etorri dira gehienak: «Katalunia oso emisore ona da. Espainia mailan Madril eta Valentzia ere bai. Atzerritik barietate handiagoa dago, baina kopuruz gutxiago dira». Estoniatik, adibidez, talde bat gerturatzen da urtero Idiazabalera, «eskola batetik etortzen dira, eta urtero izaten dute programan Idiazabalgo irteera».
Aurtengo datuak ez dira kasualitatez iritsi Arandiaren ustetan, «Goierrin bisitek gorako joera dute azken urteetan. Goieturretik ere lan handia egin da azken urteetan promozioaren inguruan, eta azkeneko urteetan inbertitu den guztiaren ondorioa ari gara orain jasotzen», dio.
Interpretazio zentroak bisita egutegia asteburuetara mugatuko du orain. Gabonak bitartean, larunbatetan —goizez eta arratsaldez— eta igandetan —goizez— egongo da irekita, baita jai egun eta zubietan ere. Gabonetan bi astez egunero irekiko dute berriz, egun seinalatuak salbu.













