Kontsumo Ministerioak CAF ikertuko du, Palestinako lurralde okupatuetan jarduten duten enpresekin batera
CAF Nazio Batuen zerrendan ageri da , eta Espainiako Gobernuak haren jarduera ikertuko du Zisjordanian garatzen ari den proiektuen harira.
Palestinako bandera Beasaingo CAF lantegiaren atarian, protesta gisa.Tere Madinabeitia Espainiako Gobernuak joan den astean onartutako dekretuaren baitan, Kontsumo Ministerioak ikerketa abiatu du CAF eta Palestinako lurralde okupatuetan zerbitzuak eskaintzen dituzten gainerako enpresen gainean.
Pablo Bustinduyren sailak gogorarazi duenez, irailaren 23an BOEn argitaratutako 10/2025 Errege Dekretu Legeak, Gazako genozidioaren aurkako neurriak eta Palestinako herritarren aldeko babesa jasotzen ditu. Dekretu horren 4. artikuluan debekatu egiten da lurralde okupatuetatik datozen ondasun eta zerbitzu eta publizitatea.
NBEren txostena
Neurri hau Nazio Batuen Erakundearen azken oharraren testuinguruan kokatzen da. Izan ere, NBEren Giza Eskubideen bulegoak joan den ostiralean eguneratu zuen Zisjordanian kokatutako asentamendu ilegaletan jarduten duten enpresen zerrenda, 68 enpresa gehituz. Horien artean dago Beasaingo CAF enpresa ere, Jerusalemgo tranbia proiektuan parte hartzeagatik sarri kritikatu izan dena.
Bestalde, NBEko errelatore Francesca Albanesek uztailean aurkeztu zuen txostenean argi utzi zuen enpresa batzuk ekonomikoki ari direla baliatzen Israelek burututako okupazio ilegala.
Ministerioaren adierazpena
Kontsumo Ministerioak ohartarazi du “okupazioarekin negozioak egiten dituzten enpresen jarduera legez kanpokotzat jotzen dela nazioarteko zuzenbidean”, eta gogorarazi du Herbeheretan, Fiskaltza ikertzen ari dela jarduera horien aurkako salaketa batzuk, diru zuriketaren araudia urratu ote duten aztertzeko.













