2026ko Ehunmilak ez antolatzea erabaki du antolakuntza batzordeak
Erabaki «zaila eta hausnartua» izan dela diote orain minutu gutxi zabaldu duten oharrean. Proiektuarekin jarraitu nahi dutenek ateak irekita dituztela nabarmendu dute.
hunmilak proiektuko antolakuntza batzordeari 10. edizioaren aurretik egindako erreportaje baterako ateratako argazkia, 2019an. Mikel Albisu. Ehunmilak proiektuko antolakuntza batzordeak ohar bidez jakinarazi berri duenez, ez dute 2026ko Ehunmilak antolatuko. 2026ko uztailean, beraz, ez da 168 kilometroko Ehunmilak, 88 kilometroko Goierriko Bi Handiak eta 42 kilometroko Marimurumendi lasterketarik izango. Erabaki «zaila eta hausnartua» izan dela dio oharrak, eta «horrexegatik antolakuntzak horretarako dituen arrazoiak proiektu hau lagundu/babestu/bultzatu duzuen guztiokin partekatu nahi ditu».
Ehunmilak antolakuntza batzordea «Beasainen kokatuta dagoen lagun talde txiki batek» osatzen dutela gogoratu dute. «2008. urteaz geroztik boluntarioki urte guztian zehar bilerak egiten eta lanean diharduguna. Ordu asko eskaini dizkiogu proiektu honi». Proiektua martxan jarri zenetik hona «taldekideen egoera pertsonal eta familiarra nabarmen aldatu» denez, «zaildu egin da proiektuari behar bezala aurrera eramateko beharrezko denbora eskaintzea».
Azken urteak bereziki «nekagarriak» izan direla aitortu dute antolatzaileek
Azken urteak bereziki «nekagarriak» izan direla aitortu dute. «Erabaki zail asko hartu behar izan ditugu eta horrek guztiak gainzama handia jarri du gure bizkar gainean». Era horretan, «nekeak eta erreleboaren faltak eragin handia izan dute taldean. Antolakuntza taldeaz gain ordea, oinarrizkoak diren beste hainbat kideren hutsunea ere aurreikusten dugu hurrengo edizioetarako».
Baliabide ekonomikoak
Antolakuntzako giza baliabideaz gain, baliabide ekonomikoek ere izan dute eragina erabaki hau hartzerako garaian. «Diru sarrerek ez dute gastuen bilakaera berdina eduki. Proiektuaren maila mantentzeko garaian gastuek etengabe egin dute gora eta ez dugu jakin maila berean diru-sarrerak egokitzen». Ondorioz, urtea galerarik gabe amaitzeko ahalegin eta lan gehigarriak egitera behartuak egon direla aitortu dute. «Egoera horrek guztiak ez digu lasterketetan berrikuntzak ezartzea ahalbidetu eta ondorioz, ezta askotan gustatuko litzaigukeen adinako kalitatea eskaintzea ere antolatzen ditugun hiru lasterketetan».
Ehunmilak antolakuntzakoek eskerrak eman nahi izan dizkiete «urte guzti hauetan gure ondoan izan ditugun eta gugan sinetsi duten erakunde, babesle eta laguntzaile guztiei. Baita edizio guzti hauetan gure lasterketak aukeratzeagatik parte hartu duten korrikalariei ere. Eta nola ez, proiektu handi hau osatzeko ezinbestekoak izan diren boluntario horiei guztiei. Horiek gabe hau guztia ez bailitzateke posible izango».
Ateak irekita
Dena den, proiektuarekin jarraitzeko interesa izan dezakeen «edozein talderi ateak irekitzen» dizkiote. «Gure laguntza eta orain arte erabilitako materialak eskuragarri egongo dira»













