Azak, ugari eta mota desberdinetakoak
Behieko hasi da behi-gazta onduarekin, gaztanbera eskaria handitzen doakion bitartetan. Bertako perretxikoek ere hasi dute denboraldia.
Babarrun beltza duela aste batzuk iritsi zen Ordiziako feriara, eta handituz joan da eskaintza astetik astera. Gaur Errezilgo Simon Aizpuruk ere bazuen salgai, kiloa 18 euroan, ugari gainera. Lekale horrekin prestatu daitekeen otordu gozoari laguntzeko azak ere iritsi dira Plaza Nagusiko postuetara, ugari eta era askotakoak.
Bi produktu horiek udazken-negukoak dira, eta urteko garai horretan bete-betean sartuta gaudela adierazten dute, gaurko eguraldi freskoak bezala. Garai honetan salgai jarri izan duten behi-gazta ondua ere iritsi da azokara.
Aza aukera zabala
Aza bakarrik jatekoa ere bada, eta horrela gehiago apreziatu ahal izango da, seguru aski, mota desberdinen zapore, testura eta kolore diferenteak. Ordizian lau zeuden gaur aukeran. Batetik, aza lisoa, besteak beste Anttoni Murgiondok eta Esther Ilarramendik salgai zutena, 2 eta 4 euro artean bakoitza, tamainaren arabera. Aza kizkurra ere izan da aukeran, Arantxa eta Maite Zurutuzaren postuan, 3 eta 3,5 euro artean bakoitza. Eta hirugarrekin, Monteseko Arantxa Iparragirrek udaberriko aza ere jarri du salgai, besteek bezala forma borobila izan beharrean, forma luzeagoa duena; hori 2,5 euroan zegoen.
Hiru aza mota horiek berriak ziren, eta horiei guztiei, duela aste batzuk iritsi zen kale aza ere gehitu behar zaie. Hori hostoekin egindako sortetan dago salgai, 2 euroan sorta.
Behi gazta ondua
Behieko ekoizleen mahaira ere iritsi dira berritasunak udazkenarekin. Udaberriko azken esne gordinarekin egindako behi gazta ondua jarri du salgai berriki Olaberriko Judit Gartziak, bi hilabetetik gorako ontze prozesua igaro eta gero; kiloa 18,5 euroan du. Bestelako behi gazta, gutxienez bi astez ondutakoa eta esne pasteurizatuarekin egindakoa, 17,2 euroan du salgai.
Behiekok, bestalde, handitu egin du gaztanberaren ekoizpena, bezeroen eskaera ere handitu egin delako. Badirudi azkenaldian bogan dagoela gazta egin ondorengo gazuretik sortutako esneki hau. 200 eta 300 gramoko poteetan dago salgai, 3 eta 4 euroan, hurrenez hurren.
Bertako perretxikoak
Goierri inguruan ere hasi da perretxiko denboraldia. Gaur bertako perretxikoak zituen Arantxa Lopetegik: onddoak, gibelurdinak eta ziza horiak.
Lopetegirenak eta Lasak eta Barcinak eskainitakoak batuta, hauxe izan da eskaintza, orotara: 172 kilo onddo, kiloa 25 eta 35 euro artean; 42 kilo ziza hori, 18-22 euroan; 9 kilo gibelurdin, 25 euroan; 2 kilo saltsa perretxiko beltz, 24 euroan; eta 9 kilo mendiko angula, 24 euroan horien kiloa ere.
Bisitariak
Bisitarien taldeak ere ugaritzen ari dira. Gaur, azoka eguna izan dela baliatuz eta horrek erakarrita, hiru talde ibili dira Ordiziako erdiguneko kaleetan eta Plaza Nagusian barrena: Basque Culinary Centerreko ikasle talde bat, Donostiako Axular Lizeoko ikasleak, eta Nafarroako Cintruenigo herriko jubilatuak.

















