Legazpi eta Urretxu-Zumarraga arteko bidegorria SPRILUR-eko industria eremutik igaroko da
Bidegorriaren trazatuak Legazpi aldean, CIE lantokiaren parean dituen segurtasun arazoak konponduko dira horrela behin betiko. Udalak, Foru Aldundiak eta SPRILUR-ek sinatuko duten akordio baten emaitza da ibilbide aldaketa.
Bidegorria SPRILUR-en industria eremutik igaroko da. Legazpi eta Urretxu-Zumarraga lotzen dituen bidegorriaren trazatua aldatu egingo dute, CIE lantegi parean orain dituen segurtasun arazoak saihesteko. Trazatu berria SPRILUR-en Bellota–GSB eremu barrutik igaroko da. Aldaketa udalak, SPRILUR sozietate publikoak eta aldundiak sinatu duten hitzarmen baten emaitza da. Dokumentu horri behin betiko onarpena eman zion udalbatzak iraileko bilkuran.
Hiru erakundeen arteko hitzarmenaren ondorioz, bidegorriko Legazpiko partean dagoen tarte horretan segurtasun aldetik dagoen puntu kritikoa konponduko da betirako. Gune horrek industria eremua zeharkatzen du CIE lantegiaren parean, eta bidegorritik dabiltzan oinezkoak eta txirrindulariak eta lantegietako kamioi eta bestelako ibilgailuak elkartzen dira, arrisku egoerak sortuz.
Bidegorriaren zati berria SPRILUR-en GSB-Sidenor ohiko industria eremutik igaroko da. GI-2630 errepidearekiko paraleloan joango da baskularen inguruan, eta bat egingo du industria eremuan prestatu duten ibilbidearekin.
Proiektu honen kostua 806.274,98 eurokoa da (BEZa barne) eta Gipuzkoako Foru Aldundiak finantzatuko du osorik. Obrek bost hilabeteko iraupena izango dutela aurreikusten da, eta proiektu horren barruan egungo ibilbide-tartea ixteko eta eraisteko lanak ere sartzen dira.













