Liburu sortak opari, Ordizia, Legorreta, Ataun eta Idiazabalgo haurrentzat
'Irakurri, hitz egin, abestu eta jolastu' lelopean, Bookstart Euskadi-Gipuzkoa programaren laugarren edizioa aurkezten dute aldundian. Goierriko lau herrik hartuko dute parte: 2022an esperientzia pilotua martxan jarri zuen Ordizia eta aurten lehenengoz egitasmora batu diren Idiazabal, Ataun, eta Legorreta.
Adur Ezenarro (Ordiziako alkatea), Iñaki Alberdi (Idiazabalgo alkatea), Iker Aizpurua (Kulturako dinamizatzailea Legorretako udaletxean) eta Martin Aramendi (Ataungo alkatea) aurkezpenean izan dira gaur Donostian. GFA Gipuzkoako Foru Aldundiko Kultura eta Lankidetza Departamentuak, Mestiza Elkarte Artistiko-soziokulturalaren laguntzarekin, Bookstart Euskadi-Gipuzkoa proiektuaren laugarren edizioa aurkeztu dute gaur Donostian. Eskolaurreko haurren artean euskarazko, gaztelaniazko eta ingelesezko irakurketa sustatzeko egitasmoa da. Aurten, 1.000 liburupack banatuko dituzte, doanik, Gipuzkoako bederatzi herritan. Tartean dira, 2022an esperientzia pilotua martxan jarri zuen Ordizia eta aurten lehenengoz egitasmora batu diren Idiazabal, Ataun, eta Legorreta.
Banatuko diren mila Liburupacken barruan, zati handi bat 0-3 urte bitartekoentzat izango da, eta 5 urtera arte iritsiko da biztanle gutxiko herrietan. Kultura eta Lankidetzako diputatu Goizane Alvarezen ustez, “programak barnean hartzen ditu, halaber, premia bereziak (entzumenekoak, ikusmenekoak eta motorrak) dituzten haurrentzako liburupackak, funtsezkoa baita haurrentzako eta haien familientzako eskaintza inklusiboa eskaintzea”.
Ana Molina Mestizako presidenteak azpimarratu duenez, udalerri berriak sartzeak “haur gutxiago eta kultur eskaintza mugatuagoa duten landa-eremuetara hurbiltzea ahalbidetzen du”. “Hasieratik, programa hiru hizkuntzatan garatzeko pentsatuta dago, publiko zabalagoa erakartzeko, integrazioa sustatzeko, batasuna bultzatzeko eta guztiontzako espazio ireki eta inklusibo bihurtzeko modu bat baita”.
Liburupacka
Liburupacka jaso ahal izateko, elkarteko presidenteak azaldu du programara atxikitako udalerri horietan adin tarte horietako adingabeak dituzten etxe guztiek gutun bat jasoko dute, eta bertan udal liburutegira edo Haurreskolara gonbidatuz liburu sorta jaso ahal izan dezaten. Liburupack bakoitzak euskarazko, gaztelaniazko eta ingelesezko liburu bana izango du. “Horrez gain, txiki-txikitatik irakurtzeak dituen onurei buruzko informazio-liburuxka bat, errimen eta abestien orri bat, eta QR kodea duen orri-markagailu bat erantsiko dira. QR horrek Liburu Baby Klubak udal liburutegi publiko kolaboratzaileetan irakurzaletasuna sustatzeko egiten dituen doako jardueren egutegiarekin lotuko du”.
Liburu Baby Kluba
Bookstart Euskadi-Gipuzkoa programa Liburu Baby Klubaren saioekin osatzen da. Jarduera ludiko, didaktiko eta doakoa da, eta lehen haurtzaroan eta familietan literaturarekiko, musikarekiko, artearekiko eta naturarekiko interesa piztea du helburu.
Ordizian esperientzia pilotua
2022an Ordizian martxan jarri zen lehenengoz proiektua. Adur Ezenarro alkatearen esanetan, “guretzako halako proiektuetan parte hartzea ezinbestekoa da. Irakurtzea oso garrantzitsua da, eta eskubide bat da, haur guztiek duten eskubidea. Irakurtzea txikitan hartu eta bizitza osoan irauten duen ohitura bat da, gure irudimena zabalduz, pentsamendu kritikoa landuz, eta edozein gairen inguruan sakontzeko aukera emanez. Horregatik, beste urtebetez egitasmoarekin bat egingo dugu Ordizian”.













