Oiangualdea Stop! plataformaren mozioaz eztabaida udalbatzan
Oiangualdeko lanak geldiarazteko eskatu dute, alegazioak erantzun bitartean. Alderdi politikoei borondate politikoa eskatu diete. EH Bildu, PSE-EE eta Orain Ordizianeko kideek hartu dute hitza.
Ordiziako Udalaren osteguneko osoko bilkura.Loinaz Agirre. Oiangualdea Stop! plataformaren mozioak ia bi orduko eztabaida sortu zuen ostegunean Ordiziako osoko bilkuran, bertara hurbildutako herritarren eta udal ordezkarien eta idazkariaren artean. Mozioaren eskaria ondorengoa zen: «Lehenbailehen udalak geldiarazi ditzala Oiangualdeko urbanizazioko lan guztiak, behintzat alegazioak erantzun arte». Izan ere, plataformako kideek argudiatu dute alegazioetan alegatu zutela «Arau Subsidiarioak ez daudela indarrean, ez dela egokitu 2006ko Lurzoru eta Hirigintza legera».
Mozioa irakurri eta aurkezpena egin ondoren, Naia Ruiz de Egino idazkariak hartu zuen lehendabizikoz hitza. Lehenik eta behin, 2000. urteko Arau Subsidiarioak indarrean daudela azpimarratu zuen, nahiz eta 2006an onartutako Lur Zoru legera egokituta ez egon. «Momentu honetan indarrean dauzkagu 2000. urteko Arau Subsidiarioa eta 2008ko irailaren 18an onartutako Oiangualdeko Plan Partziala». Bere garaian, azken plan hori atzera botatzeko aukerak egon zirela gogoratu du, baina ez zenez egin, «onartuta dagoen Oiangualdeko Plan Partziala behin-betikoa, irmoa da».
Gainera, plan horrek eskubideak sortzeaz gain, lur jabea den Aburuzari betebeharrak ere sortzen dizkiola gogoratu zuen: «Aburuza hori egiten ari da. Betebehar horiek betetzen ari da eta horregatik ari da urbanizazio obra horiek egiten».
Aldaketari alegazioak
Eta beste puntu bat ere argi utzi nahi izan zuen idazkariak: «Oiangualdeko Plan Partzialaren onarpena egina dago, eta beste gauza bat da Plan horren aldaketa eskatzea eta hori da orain izapidetzen ari dena. Eta horren alegazioak egin dituzue eta alegazio horiek erantzuteko prozesuan dago. Azterketa juridikoa egiten ari gara eta alegazioak erantzun behar dira behin betiko onarpena egin aurretik. Alegazioak udalbatzan erantzungo dira».
Aztertzen ari diren plan aldaketak, Oiangualden 2008an erabakitako 28 txalet bifamiliarren ordez, 83 txalet adosatu egitea proposatzen du. «Plan Partzialaren aldaketak suposatzen du kasu honetan etxebizitza kopurua aldatzea». Idazkariak eta alkateak behin eta berriz jakinarazi zuten, kanpoko zerbitzu juridikoen laguntzarekin, «zirrikitu» eta «helduleku» bila ari direla.
Borondate politikoa
Eztabaida juridikotik harago joan nahi izan zuten plataformako kideek: «2008tik geldi dagoen proiektu bat martxan da. Horrek dituen inplikazio legalak erresolbituko dira epaitegietan edo dena delakoan, interpretazio ezberdinak egon daitezke. Baina mozio honen helburua interpelazio politikoa da». Izan ere, «Plan Partzialak aukera ematen dio Aburuzari egiten ari dena egiteko, baina Plan Partzialaren modifikazioa oraindik erabaki gabe dago. 2008ko testuinguruak ez dauka zerikusirik 2025eko testuinguruarekin, ez ekonomikoki, ez etxebizitzaren arazoari begira, ez ingurumen inpaktuari begira, ez sentsibilitate ekologikoari begira… 2008an astakeria zena 2025ean ez dakit nola izendatu daitekeen».
Herritar batek 2008an Oiangualdeko Plan Partziala onartu zeneko botazioaren datua galdetu zion idazkariari: «EAJ (4), EA (2) eta PSE-EE-ren (2) botoekin onartu zen. Bi boto kontra, EB-Aralarrena».
Alderdi politikoak
Adur Ezenarro alkateak garbi utzi nahi izan zuen borondate politikoaz galdetutakoan: «Guk garbi adierazi dugu, ez dela inondik inora ere guk planteatuko genukeen herri-hiri eredu bat. Irentsi beharra daukagun errealitate bat da. Aurretik tamalez geratu ez diren erabaki batzuk dira eta hori ordaintzen ari gara. Bere garaian hartutako erabaki txar batzuk. Porrot kolektibo bat izan da 2008tik horri buelta ez eman izatea. Ingurumen Txostena ere iritsiko da aste honetan».
Ordizia Orain-Elkarrekin Podemoseko Julen Iraolak posible ikusten du, «alderdi politiko guztiak gutxi gora-behera» urbanizazio eredu horren aurka egonda, eta herri mugimendu bat edukita, Plan Partzialaren aldaketa erabakitzen den bitartean, «pausan edukitzen saiatzea».
«Behin txikizioa eginda» beste proiektu mota batzuen proposamenak ere egin zituzten udalbatzara hurbildutako hainbat kidek: erresidentziak, etxebizitza tutelatuak, zahar egoitzak…. Eta PSE-EEko Ana Sanchezek hortik abiatu zuen bere jarduna: «Ez da nire proiektua. 2008an ez dakit, baina 2025ean ez da nire proiektua. Espero dugu heldulekuren bat egotea… Hortik harago, udal gobernuak hainbat gestio egin ditu, erostea besteak beste. Ez dakit planteatu diren hemen aipatu diren beste proposamenak. Egia da proiektu hau aberatsentzako dela eta ez diola etxebizitza arazoari irtenbiderik ematen».
Arau Subsidiarioen muga gogorarazi zion Ezenarrok Sanchezi: «Arau Subsidiarioen muga hor dago eta intentsitate baxuko eremua dela zehazten du. Eraikitzeko metroen topea ere hor dago. Arau subsidiarioen aldaketan ez gara inoiz garaiz iritsiko hau gelditzera».
Eta plataformako kideei eman zien azken erantzun bat: «Urbanizazioko lan guztiak etetea eskatzen ari zarete. Saiatu gara. Erabakiak ezin dira beti gure borondatearen baitan hartu, baizik eta beste argudioaren baitan, eduki ditzaketen ondorioekin. Momentuz heldulekurik ez daukagu bihar bertan esateko, lanak geldiarazteko, behar adina argudio juridikorekin, ondoren ez etortzeko etorri ahal dakigukeena».













