«Ehunmilak ez dugu lurperatu nahi; zainketa intentsiboetan dago»
Proiektuaren bultzatzaile nagusietako bat izan den Mikel Valdivielsok (Beasain, 1977) azaldu ditu erabakiaren arrazoiak, azken urteetako egoera, etorkizunari begirako aukerak eta sentipen pertsonalak.
Mikel Valdivielso izan da Ehunmilak proiektuaren arimetako bat. Irudian, 2022ko edizioaren aurretik eskainitako elkarrizketa batean.Iñaki Gurrutxaga Hamalau edizio eta 18 urteren ondoren, Ehunmilak mendi-lasterketen trilogiak ez du 2026an hitzordurik izango. Antolakuntza batzordeak erabaki gogorra hartu du: nekea, errelebo falta eta presio ekonomikoak direla medio, etenaldia egingo dute. Hala ere, argi utzi nahi izan dute proiektua ez dela «lurperatu», baizik eta «zainketa berezietan» dagoela, erreleboa bilatzeko eta etorkizunari ateak irekitzeko.
2026an Ehunmilak trilogiarik ez antolatzea erabaki duzue. Nolakoa izan da momentu horretara iristeko bidea?
Bide luzea izan da. Jendeak ulertu behar du hau ez dela egun batetik bestera hartutako erabaki bat, baizik eta urteetako eztabaida eta hausnarketa baten ondorioa. 18 urteko ibilbidean metatutako nekea eta egoera pertsonalen aldaketa handiak pilatu dira. Ehunmilakek beti exijentzia maila oso altua izan du, eta guk beti bizia eman izan diogu.
Azken urteetan ikusten genuen ez ginela gai maila horretara heltzeko. Urtez urteko erabakia bihurtu da azkenaldian, eta ez genuen erreleborik ikusten. Guk nahi genuen proiektuak jarraipena izatea; niretzat Ehunmilak seme-alaba baten parekoa izan da. Ez da erraza agur esatea. Baina onartu behar genuen ezin ginela gehiagora iritsi.
«Jendeak ulertu behar du hau ez dela egun batetik bestera hartutako erabaki bat»
Ez dugu, ordea, proiektua lurperatu nahi. Zainketa intentsiboetan dago, eta hurrengo urtean ikusiko dugu gai garen jendea mobilizatzeko eta proiektuari eusteko.
Oharrean aipatzen duzue erabaki zaila izan dela. Zer izan da gogorrena?
Oraindik ez naiz erabat kontziente. Uda osoa pasa dut izorratuta, egoera zein zen jakinda, baina barruak beste zerbait ere nahi du. Ehunmilak ixtea gogoz kontra egiten ari garen zerbait da, eta horregatik kostatzen da hainbeste. Ez dut izan norekin komentatu, batzordekideok bakarrik genekien zerbait zelako, eta ez da erraza izan. Orain publiko egin dugunean, jende asko harrituta eta penatuta geldituko da. Gu, antolakuntzan gaudenok, are gehiago, gure bizitzaren parte handi bat izan da hau.
Dena den, esan bezala, hau ez da proiektua lurperatzeko. Nik lanean jarraituko dut, nahiz eta buru ez izan.
Nekea eta errelebo falta aipatzen dituzue. Zaila da sinestea Ehunmilek 1.800 boluntario mugiarazten dituela kontuan hartuta.
Asteburu batean bai, baina urte guztian zehar laguntza behar denean eta lan jarraitua egin behar denean, askoz ere zailagoa da erreleboa bilatzea. Proiektu honek dedikazio osoa eskatzen du eta gizartea ez dago marroi handietan sartzeko prest. Boluntarioak baditugu, eta asko eskertzen ditugu, baina antolakuntza lanetan jende gutxiago dago. Eta honek exijentzia handia du. Guk bizia eman diogu, eta ez dugu espero beste batzuek gauza bera egitea. Baina proiektua orain maila on batean dago, gauza asko eginda eta sendotuta daude. Gu zerotik hasi ginen proiektua eraikitzen. Orain, egindako bideari jarraipena ematea jendearen esku dago: Ehunmilak nahi badute, mugituko dira.
«Ehunmilak ixtea gogoz kontra egiten ari garen zerbait da, eta horregatik kostatzen da hainbeste»
Alde ekonomikoak eraginik izan du?
Oso babesle fidelak izan ditugu, baina gure filosofia beti izan da lasterketa ez komertzial bat egitea, mendiko lasterketen esentzia mantenduz. Horrek, ordea, mugatu egiten du diru-sarrera. Inskripzioen prezioa igotzea errazena litzateke, baina guk beste bide bat hartu genuen. Horregatik, zaila izan da gastuen igoerari aurre egitea. Ekonomikoki proiektu sendoa da, baina azken urteetan presio handia izan dugu.
Zer izan da Ehunmilakek utzitako ondare handiena Beasainentzat eta Goierrirentzat?
Nik ez dut horrelako beste proiekturik ezagutu Beasainen. Sozialki ikaragarria izan da: ideologia ezberdinetako jendea elkarlanean, 1.800 boluntario… Kohesio ariketa bat izan da. Eta kirolaz gain, beste balio asko uztartu ditu: euskara, mendizaletasuna, elkarlana… Hori da gure ondare nagusia.
«Kirolaz gain, beste balio asko uztartu ditu Ehunmilakek: euskara, mendizaletasuna, elkarlana… Hori da gure ondare nagusia»
Ateak ireki dituzue beste talde batek proiektua hartzeko. Badago dagoeneko interesik?
Momentuz ez. Lehenengo hermetismo osoz lan egin dugu, azken edizioa ondo ixten. Orain, albistea publiko eginda, kontaktuak egiten hasiko gara. Baina argi daukagu ez dugula nahi urtebetean gure lan guztia suntsitzea. Errelebo egokia izan behar du, eta guk laguntzeko prest jarraituko dugu.
Zer mezu bidaliko zenieke korrikalariei, boluntarioei eta babesleei?
Eskerrik asko bihotzez. Babesleek posible egin dutelako, korrikalariek konfiantza jarri dutelako eta boluntarioek proiektua eutsi dutelako. Askotan esan izan dut: bi milioi euro izan ditzakegu, baina boluntariorik gabe ez ginateke ezer izango. Haiek bihotza dira proiektu honetan.













