HITZA eta Ehunmilak, aldebiko lankidetza lasterketak jokatzen hasi aurretik
Goierriko euskarazko tokiko prentsa eta Ehumilak ultra-trailaren antolakuntza batzordea 2009az geroztik aritu dira elkarlanean.
GOIERRIKO HITZAren aurka puzgarria, Beasaingo Kale Nagusian. Gaur egun bestela irudi lezakeen arren, euskarazko tokiko prentsak aparteko eginahalak egin behar izan ditu hainbat erakunderen eta «ekitaldi handien» aurrean aitortuak eta onartuak izateko. Bai, hori horrela izan da, ifrentzua.
Ehunmilak ultra-trailarekin bizitakoa bestelakoa izan da oso, aurkia. Mikel Valdivielso izan zen GOIERRIKO HITZA-ren atea jo zuena 2009an. Lankidetza proposatzen zuen, proiektua zabaltzeko laguntza, aitortza erabatekoa egiten zion gure txikitasunik «proiektu handi» hori ezagutzera emateko egin genezakeen zabalpen lanari. Ehunmilak eta G2Hren profilak, eta Valdiri eta Niko Osinalde Goiturreko zuzendariari egindako elkarrizketak jaso zituen urte hartako uztailean Goierritarra aldizkariak.
2010a ere iritsi zen, eta EHMko Komunikazio lan-taldekoak izan ziren hurrenak gerturatzen, udaberrian. Argitalpen berezi bat egiteko aukerarik izango ote genuen, horixe eskea. Aurrera. Lau orrialdeko publikazio bat izan zen. Eta lasterketak ere jaso ziren, bai larunbateko eta igandeko egunkarietan –asteburuan ere ateratzen zen Hitza orduan–, eta baita Interneten ere. Hau ere egin dugu!
Imanol Aleson eta Nerea Martinez izan ziren EHMren irabazleak, eta Xabier Larrion eta Elena Calvillo G2Hkoak. Euria egin zuen orduko hartan ere.
Orduan landatutako hazia ernetu eta loratu da urte hauetan guztietan. 2011n eta 2012an gehigarria zortzi orrialdekoa izatera pasa zen, 2013. eta 2019. urteen artekoa hamaseikoa, eta azken hiruretan 24koa. Dortsal banaketan, hantxe gure alea. Hamaika albiste, elkarrizketa eta erreportaje, argazki eta bideo aireratu ditugu harrezkero –zenbat dei eta email Iñaki Mozorekin!–. Eta arkua eta enarak, goierritar onenen sariak…
Ekaitz elektrikoak gerarazi zituen lasterketak 2018an Azpeitian eta Larraitzen –berealdiko ebakuazioa–, borobila izan zen 2019a (errekorren urtea), COVID-19arenak hurrengo biak, eta horiek gaindituta, beste hiru etorri dira. Azkena, lasterketak egunez eta orduz aldatuta. Erredakzioan ere eragin ditu ekaitzak EHMk, gozatze eta amorratze uneak, helmuga ordu amaigabeak… Profesionalki jardun dugu, borondatetsu, 1.800dik gora boluntarioak bezalaxe.
Deskuidoan, inor, lekukoa hartzeko prest balitz, jakin beza etxe honetako ateak elkarlanerako zabalik jarraitzen duela!

Uxua Barandiaran eta Mikel Insausti beasaindarrak izan dira GOIERRIKO HITZAk G2Hko goierritar onenei eman izan dien saria jasotzen azkenak.Lide Egizala












