Ikasleek greba egin dute Goierrin Palestinarekin elkartasuna adierazteko
Beasainen eta Legazpin elkarretaratzeak egin dituzte Ikasle Abertzaleek deituta. Ikasleek irakurri duten adierazpenean salatu dute "ikasleok ez dugu genozidioa onartzen!".
Gaur Beasainen egin duten elkarretaratzea.Ariane Vierbücher Goierriko ikastetxeetan greba egin dute gaur Ikasle Abertzaleek deituta, Palestinako herriarekin elkartasuna adierazteko eta Israelgo estatua gauzatzen ari den genozidioa salatzeko. Beasainen eta Legazpin izan dira eskualde mailako mobilizazio nagusiak.
Ikasle Abertzaleek salatu dutenez, “genozidioa onartzen ez duten ikasleok kaleak hartu behar ditugu Palestinako herriarekin elkartasuna erakusteko”. Adierazpenean azpimarratu duten moduan Palestinan bizitzen ari diren egoera jasanezina da: “70.000 hildakotik gora, beste horrenbeste gazte hilzorian, eta Israelek Gaza konkistatu eta okupatzeko asmo argia”.
Elkarretaratzeetan irakurri duten testuak, halaber, Euskal Herriko eta nazioarteko erakundeen jarrera seinalatu dute, eta bereziki Espainiako Gobernuaren, Europar Batasunaren, Nazio Batuen eta alderdi politiko nagusien isiltasuna salatu dute. Hainbat enpresa eta erakunde ere ipini dituzte jomugan, “Caf, EHU, BBVA,…Zuek ere konplizeak zarete; harremanak eten orain”, eskatu dute.
Gaineratu dute borrokak jarraitu beharra duela: “Euskal Herriko kaleak hartu ditzagun ikasleok, Palestinako herriaren alde. Gure ekarpena xumea izan daiteke, baina beharrezkoa da. “Jarrai dezagun genozidioa salatzen eta konplize zikin guztien aurka kaleak hartzen, jarrai dezagun Israel suntsitu arte borrokatzen!”.
Mobilizazioak, hala, elkartasun keinu izateaz gain, etorkizunean antolatu nahi dituzten borroka dinamiken abiapuntu gisa kokatu dituzte. “Palestinarekin elkartasuna ez da egun bateko kontua; jarraipena izango du”, azaldu dute ikasle grebaren deitzaileek.













