Udako Argazki Lehiaketako onenak saritu ditu GOIERRIKO HITZAk
Carlos Mediavilla urretxuarrak, Izaskun Artola lazkaotarrak eta Danel Etxeberria itsasondoarrak jaso dituzte hiru sariak, Lazkaoko Biziolan egin den sari banaketa ekitaldian.
Lehiaketako hiru saridunak. Izaro Villarreal Gaur arratsalde-iluntzean Lazkaoko Biziola gunean egin den sari emate ekitaldiarekin amaitu da GOIERRIKO HITZAren 20. Udako Argazki Lehiaketa. Bertan izan dira hiru sariak lortu dituzten irakurle argazkizale goierritarrak; udaran, oporretan edota bidaian ateratako erretratu bana bidali zuten lehiaketara.
Hitzakideen aurreneko saria Carlos Mediavilla urretxuarrak jaso du, Gironako kostaldean, urdin turkesa koloreko itsasoan, uretako kirola egiten ari zenari ateratako Tossa de Mar lanarekin. Barraskilo autokarabana etxeak eskainita, bi lagunek bi gau igaro ahalko dituzte, autokarabana batean. Mediavillaren alaba eta bilobak hartu dute saria.
Bigarren saria Izaskun Artola lazkaotarrak lortu du, abuztuaren 15ean Esloveniako Bled lakuko ilunabarrean ateratako Boga-Boga marinela argazkiarekin. Olaberriko Zezilioenea ostatuak eskainita, bi lagunentzat otordua -bazkaria edo afaria- jaso du saritzat, jatetxe hartan. Normalean turistaz gainezka egoten bada ere, lakuaren ez ohiko lasaitasuna islatu ahal izan du.
Irakurleek botoz izendatutako saria, berriz, Danel Etxeberria itsasondoarrarentzat izan da, Galiziako Camiño dos Faros-eko aurreneko etaparen amaieran, Niñons hondartzan lo egiteko muntaturiko oihal etxeari ateratako Camiño dos Faros lanarekin. Alzuri argazki etxean 70×50 neurirra handitu ahalko du argazki bat.
Irabazleekin batera Jon Mujika Goierriko Hitza-ko kudeatzaileak ere parte hartu. Bukaeran mokadutxoa egin dute.













