Zabalik da Lazkaoko Jabetze Eskolaren seigarren ikasturteko jardueretan izena emateko epea
Ahalduntze feminista helburu hartuta, ikastaroak, irakurketa saioak, tailerrak eta munduko emakumeen topaketa egingo dituzte Lazkaon, urritik aurrera. Izena emateko epea gaur ireki dute.
Ehozirigileen topaketak ireki zuen iazko Lazkaoko Jabekuntza Eskola, ehundik gora emakume elkartuta. Goierriko Hitza Beste urte batez Lazkaoko Jabetze Eskolak herritarren eta bereziki emakumeen ahalduntze feminista lantzeko 2025-2026 ikasturterako programa aurkeztu berri du. Urritik otsailera bitarte iraungo du seigarren ikasturteak, eta lau ikastaro antolatu dituzte, iraupen eta saio-kopuru desberdinetakoak denak.
Lazkaoko Udalak eta bertako Berdintasun Batzordeak elkarlanean ondutako eginahala da, eta besteak beste, hausnarketa feminista, norberaren zaintza, zaintza partekatua eta emakumeen arteko loturak indartzea bilatzen du, interes eta behar ezberdinetara egokituta. Aurtengo ikastaroetan parte hartzeko ere, aurrez izena ematea ezinbestekoa izango da; gaurtik aurrera dago horretarako aukera eta urriaren 10era bitartean egongo da zabalik, udaletxera bertara joanda edota Udaleko webgunean izena emanda. Lazkaoko emakume guztiak animatu dituzte.
Hemen aurtengo eskaintza:
- Zoru pelbikoa indartzeko ikastaroa: Emakumeen osasuna eta bizi-kalitatea hobetzeko helburua duen ikastaroa da, Saioa Baena fisioterapeutak (Abian zentroa) emango duena. Urtarrilaren 7an hasiko dira, eta asteazkenero, 10 saiotan zehar egingo dira, 10:45etik 12:15era. Euskaraz eskainiko da eta gehienez 12 plaza izango ditu.
- Irakurle Eskola Feminista: Hausnarketa feministarako eta sinesmenak zalantzan jartzeko gune irekia izango da. Iratxe Retolazak dinamizatuko du, eta hilean behin egingo da, urriaren 6tik aurrera, 18:00etatik 20:00etara. Euskaraz izango da.
- Munduko Emakumeen Topagunea: Jatorri ezberdinetako emakumeentzako babesa, zaintza eta ahalduntzea sustatzeko gunea izango da. Aitziber Eguskitza izango da dinamizatzailea, eta azaroaren 5ean, abenduaren 3an, urtarrilaren 7an eta otsailaren 5ean egingo dira saioak, 10:30etik 12:30era. Hizkuntza parte-hartzaileen arabera egokituko da. Gutxienez 6 eta gehienez 15 emakumek osatuko dute taldea.
- Sendabelarrak, Udazken Xuxurlak: Udako opariak jasotzen: Udazkeneko landare eta fruituak ezagutzeko, jasotzeko eta haiekin nola lan egin ikasteko tailer praktikoa izango da. Ainitze Salak emango du, urriaren 15ean, 17:00etatik 20:00etara, euskaraz. Gutxienez 5 eta gehienez 20 plaza eskainiko dira.













