Zaldibiako peatonalizazio eredua ezbaian
Santa Fe kaleko bizilagun eta komertzioek peatonalizazio eredua aldatzea eskatu dute, eskubideak bermatuta. Zaldibiako Udalak bizilagunekin biltzeko borondatea du, Ioritz Berra alkateak adierazi duenez.
Zaldibiako Santa Fe kaleaIzaro Villarreal Santa Fe kaleko mugikortasuna arautuko zuen ordenantza berria indarrean sartu zen joan den irailaren 8an, eta ordutik, debekatuta dago ibilgailuen zirkulazioa zein aparkatzeko aukera 23, 35 eta 27 atarien parean, 12:00etatik 08:00etara. Eguneroko berri horrek haserrea piztu du atari horietako bizilagunen zein komertzioen artean eta ondorengo eskaerak exijitzen dituen kexa formala erregistratu dute udaletxean: atari horietako bizilagunen ibilgailuen zirkulazioa behar dutenero baimenduta egotea eta goizean komertzioetara joateko onartuta dauden aparkatzeko guneak gauean ere erabilgarri egotea.
Ioritz Berra alkateak, kontrara, herritarren kexari erantzuteko zein bilera batera deitzeko «aukerarik utzi ez izana» argudiatu du: «Kexa udaletxean erregistratu zuten momentu berean bidali zuten komunikatua prentsara». Eta bizilagunekin zuzenean gelditu ez izana onartu duen arren, azaldu du peatonalizazioarena «aspalditik» datorren kontua dela: «Parte-hartze prozesuak egin dira plazaren diseinuari buruz, eta baita mugikortasun jasangarrirako plan desberdinak mahai gainean jarri ere; aukerak egon dira parte hartzeko, proiektua ezagutzeko eta iritziak eman zein jasotzeko».
Zirkulazioa mugatu den kaleko bizilagunak eta komertzioak kexu azaldu dira udalaren erabakiarekin
Komertzioak, ordea, errealitate horretatik salbuetsi ditu Berrak, eta berretsi du proiektuarekin aurrera egin aurretik Santa Fe kaleko komertzioekin bildu izana: «Herri batzarraren aurretik komertzioekin bildu ginenean, zenbait kexa plazaratu zizkigutenez, proiektua aldatu genuen: hasieran peatonalizazioak osoa behar zuen, baina azkenean sarbidea utzi diegu».
Eskubideen aldarrikatzea
Herritarrek komunikabideetara bidalitako oharrean nabarmendu dute «autoz iritsi ezinda» geratu direla egunean 20 orduz, eta errealitate hori bizi behar duten «herritar bakarrak» direla. «Gure sartu-irteerak, karga-deskargak… edozein jarduera programatu beharrean geratu gara, aurrez gure gertakizunen inguruko abisua eta matrikulak udaletxean ematera derrigortuta», jakinarazi dute. Hori horrela, euren «ongizate eta intimitaterako» duten eskubidea eta herritar guztiak «berdintasunez tratatuak izateko» duten eskubidea aldarrikatu dituzte.
Eta ez hori bakarrik. Bizilagunen ustez, abian jarritako sistemak adinez nagusiak diren bizilagunak «sarbiderik gabe» utzi ditu: «Mugikortasun arazoak dituzten edota adinez nagusiak diren pertsonen irisgarritasun eskubidea ez dute bermatu». Eta errealitate berri horretan ibilgailuak aparkatzeko ahalbideturik zeuden hamazazpi aparkalekuak orain egunean 20 orduz «hutsik» dihardutelako egin dituzte eskakizun konkretuak.
Berrak, baina, herritarrek esandakoak gezurtatu nahi izan ditu, ez baitu uste oharrean azaltzen diren esanak «guztiz zuzenak» direnik: «Batetik, herrian beste etxe askotara ere ezin dira atariraino hurbildu. Bestetik, Zaldibiako peatonalizazio eredua ez da beste herri batzuetakoarekin konparagarria, herritar hauei Artxanberri kaleko aparkalekuak 50 metrora geratzen zaizkielako.
«Aukerak egon dira parte hartzeko, proiektua ezagutzeko eta iritziak eman zein jasotzeko».
«Jasoko ditugu beraien kexak eta adieraziko dizkiegu gure usteak. Ea zertara iristen garen»
Ioritz Berra. Zaldibiako alkatea
Eta azkenik, mugikortasun murriztua dutenei hasieratik esan zaie udaletxean eskaera eginda, sartu-irtenak egiteko baimena emango zitzaiela». Gaineratu du bizilagunek aldatzea eskatzen dituzten gauza batzuk burutzeko beste herritar askok nahi ez dituzten segurtasun-kamerak beharko liratezkeela: «Hor ere ebatzi gabeko arazoa legoke».
Biltzeko borondatea
Hala ere, herriko festak igarotakoan herritarrekin biltzeko borondatea erakutsi du alkateak, nahiz eta aurreratu duen bizilagunek eskatutako aldaketak egitea «nahiko zaila» dagoen: «Beraientzat soilik ahalbidetuta leudeken gaueko aparkalekuen eskaerarekin, herrian inork ez duen pribilegio bat ari dira aldarrikatzen». Hain zuzen ere, Berrak uste du «gaizki interpretaturiko faktoreak» daudela tartean, baina ziurtatu du saiatuko direla biltzerakoan dena argitzen: «Jasoko ditugu beraien kexak eta adieraziko dizkiegu gure usteak. Ea zertara iristen garen».
Era berean, onartu du agian zenbait alderdi birplanteatu beharko dituztela euren peatonalizazio ereduan: «Oso denbora gutxi daramagu peatonalizazioaren kontuarekin, hilabete eskas, eta badakigu aldaketaren bat edo beste egin beharko dugula». Azkenik, eskerrak eman dizkie herritar eta bizilagun gehienei, peatonalizazioan ezartzen ari diren «arauak errespetatzeagatik».













