Beasain Palestinarekin Herri Ekimenak mobilizatzera deitu du
Urriaren 6an elkarretaratzea deitu dute, 19:00etatik 19:15era, Zubimuzu plazan, eta hortik aurrera, asteleheneroko hitzordua izango da.
Beasainen, Palestinako egoera larria ikusita, hainbat herritarrek asteroko elkarretaratzeak antolatu dituzte herriko Zubimuzu plazan, urriaren 6tik aurrera, astelehenetan, 19:00etatik 19:15era. Dinamika hau bultzatu duen Beasaingo herritarren lantaldean dihardu Ekaitz Goikoetxeak, eta berak azaldu duenez, ekimena herritarren elkartasuna adierazteko eta Palestinako herriaren aurkako eraso eta genozidioaren aurka jarrera aktiboa hartzeko sortu da. «Gertatzen ari dena jasan ezina da, eta iruditzen zaigu ez daukala nondik heldu. Horregatik, asteroko deialdiak beharrezkoak dira, jarraipen iraunkorra emateko», adierazi du Goikoetxeak.
Jarrera aktiboa
Elkarretaratze bakoitzaren aurretik, 18:30ean bilera ireki bat egingo dute udaletxean; parte-hartzaileek egoeraz eztabaidatzeko, hurrengo ekimenak adosteko eta egoeraren norabideaz hausnarketa egiteko espazioa izango da bilera hori. Goikoetxearen hitzetan, «egoera honetan jarrerarik hartzen ez duten edo isilik dauden eragileak Palestinaren alde jartzea» da haien helburua. «Hemen ez dago isiltasunerako espaziorik, jarrera aktiborik ez edukitzeak ez du kabidarik».
Ekimenaren sorrera azken asteetan gauzatu dituzten bileretan erabaki da. Dinamika abiatu duen herritar talde honek ikusi du behar bat dagoela Palestinari erantzun bat emateko eta elkartasuna adierazteko. Goikoetxearen arabera, «gizarte osoa mobilizatzea eskatzen duen garai honetan, norberagatik hasita ekin behar» zaio. «Iruditzen zaigu eskoletan hitz egin behar dela Palestinari buruz, eguneroko eztabaidetan, elkarrizketetan eta gure kaleetan presentzia izan dezan ekingo diogu».
Parte hartzeko deia
Beasain Palestinarekin Herri Ekimenak parte hartzeko bi modu eskaintzen ditu beraz. Batetik, elkarretaratzean plazan parte hartzea, herritarren elkartasunaren adierazpena egiteko eta aldarrikapenak modu eraginkorrean zabaltzeko. Mobilizazioaren deitzaileek eskatu dute, palestinar banderak eta zapiak eramatea elkarretaratzera. Bestetik, bilera irekietan parte hartzea, hausnarketak eta ekimen berriak adosteko espazioan. Taldeak espero du ekimena beste herri batzuetara zabaldu eta Palestinaren aldeko mezua indartu ahal izatea.
«Palestina ez dago han, hemen baizik, eta gizarte osoari eragiten dio bertan gertatzen ari dena. Milaka eta milaka pertsona ari dira gosez eta egarriz hiltzen, eta horren aurrean ez dago beste aldera begiratzerik edo isilik gelditzerik», agertu du Goikoetxeak. Ekimen honen bidez, Beasain Palestinarekin Herri Ekimenak gizartean «jarrera aktibo bat sustatu nahi du, elkartasunaren eta giza eskubideen defentsaren bidez».













