Euskal Herriko 42. Artzain gazta txapelketa eta Baserritarren eguna aurkeztu dituzte Idiazabalen
Gipuzkoako 4. Alboka topaketa ere batuko da aurten, jai egunera. Mendiko artzai gazta izango da aurten, dastaketa eta lehiaketa herrikoiko protagonista.
Gipuzkoako Albokarien elkarteko Nekane Orkaizagirre eta Teresa Jareño; Marta Perez Loperena, Artzai Gazta elkarteko lehendakaria; Iñaki Alberdi, Idiazabalgo alkatea eta Alberto Aldasoro, Idiazabalgo San Blas baserritarren elkarteko ordezkaria gaur, Idiazabalen. Josune Zarandona Euskal Herriko Artzain Gazta – Idiazabal Baserriko txapelketaren 42. edizioa eta Baserritarren eguna ospatuko dituzte Idiazabalen urriaren 12an. Aurtengo edizioaren berrikuntzetako bat, egun berean Idiazabalen egingo den Gipuzkoako Alboka topaketa izango da. Egun osoko egitaraua prest dute dagoeneko eta gaur goizean aurkezpen ekitaldia egin dute Idiazabalgo udaletxean.
Iñaki Alberdi Idiazabalgo alkateak Baserritarren egunaren harira egingo den ganadu erakusketan egin du azpimarra: “Idiazabalgo baserrietan urte guztian zehar egindako lana balioan jartzeko eta bertako ganadua erakusteko eguna izango da”, esan du. Ekintzaz betetako eguna izango dela ere aipatu du eta “jende asko etortzea” espero dutela aurreratu.
Ganadu feria
Idiazabalgo San Blas baserritarren elkarteko lehendakariak, Alberto Aldasorok aipatu duenez, “artzainen inguruan egiten zen txapelketaren arrimuan, eta herriko baserritarren izaera erakusteko asmoz” sortu zuten Baserritarren eguna. Herriko ganaduen azoka eta artalde bat herritik pasatzen ikusteko aukera izaten da urtero, ordutik: “Gure abereekin baserrietatik kalera etorri eta gaztaren babesean gure altxor hori azaltzeko”, nabarmendu du.
Herriko baserrietako ardiak, ahuntzak, behorrak eta behiak jarriko dituzte ikusgai ferian. Menditik etorriko direla azaldu du Aldasorok, “gizarteari gerturatzeko”; izan ere, “baserritarrak gizartetik gero eta urrutiago” dauden sentimendua dutela aitortu du. Ganaduzaleei ez ezik, gaztagintzaren inguruko hausnarketa ere egin du, “gazta oso indartsu ikusten dut; artzain munduan gazteria eusten ikusten dut, artzaintza indartzen eta maitatzen. Horrela jarraitzen badu artzaintzari iraupena ikusten diot”. Azken eskari bat ere gehitu dio hausnarketari: “Baserri mundutik behintzat, ez dadila aldendu artzaintza”.
Gaztagileen txapelketa ‘kuttuna’
Artzai Gazta elkarteak antolatutako Euskal Herriko Artzain Gazta-Idiazabal Baserrikoa txapelketak sortuko du ikusmira gehien, urriaren 12an. Araba, Bizkaia, Gipuzkoa eta Nafarroako txapelketetan sailkapenik onenak lortutako gaztagileek hartzen dute parte beste behin; “40 bat gazta” izango dira lehian, Marta Perez Loperena Artzai Gazta elkarteko presidenteak zehaztu duenez. Elkarteko gaztagileentzat txapelketa hau “oso garrantzitsua” dela esan du. Txapelketa Igarondo pilotalekuan egingo dute 10:30etik aurrera. Sari banaketa ekitaldia 13:45 inguruan izango da.
Gainera, goizen zehar gazta egile eta artisau postuak izango dira eta baita, gazte egite erakustaldia. Aurten, dastaketa eta lehiaketa herrikoian mendiko gazta izango da protagonista, “Artzai Gaztatik balioan jarri nahi dugu mendiko gazta. Gazta berezia da Aralar, Urbia eta Aloña mendilerroetan dauden mendi eta txaboletan modu tradizionalean egindakoa. Neolitikotik antzinako praktika mantenduz gure artzainek artzaintzaren ibilbideak jarraitzen dituzte, udaberria iristean artaldea goi larreetara igotzen dute eta han egiten dute gazta, gure mendiak zainduz eta modu jasangarrian mantentzen lagunduz”.
Gipuzkoako Alboka topaketa
Gipuzkoako 4. Alboka topaketa egingo da aurten lehenengoz, Idiazabalen, Gipuzkoako Albokarien elkarteak antolatuta. Elkarteko lehendakari Teresa Jareñok esan duenez, “albokariak XX. mendean desagertzeko zorian egon ziren arren, Idiazabalen eta inguruko bailaran mantendu zen tradizio hau eta gaur, zorteko gaude, instrumentu moderno bat delako”. Orain lau urte hasi zen Gipuzkoako albokarien elkartea topaketa hauek antolatzen “alboka sustatzeko eta jendeari gure musika erakusteko helburuarekin”. Urriaren 12an, egun osoan zehar egongo da alboka soinuak entzuteko aukera.

Aizkorpe, albokarien habia
Gipuzkoako Albokarien topaketa aurten Idiazabalen egitea ez da kasualitatea, Bizkaiko Arratia bailararekin batera, Goierriko Aizkorpe bailara izan baita albokaren tradizioa orain gutxira arte mantendu duen bakarra.
Artzaintzari eta artzainen bizimoduari estuki lotutako instrumentua izan da alboka, eta Aizkorpe bailaran uste dena baino zabalduago egon zen. Jose Mariano Barrenetxeak Alboka-Entorno folkloriko liburuan jaso zuenez, hainbat albokari, koplari eta pandero jotzaile zeuden Goierrin. XIX. mendekoen artean, hiru idiazabaldar aipatzen ditu: J. Maria Amundarain (1.853), Jose Maria Goiburua (1.855) eta Pablo Ormazabal (1.863). Urtsuaran auzoan, XX. mendearen hasierara arte iraun zuen albokak. Azken garai horren lekuko dira Paulo Ormazabal eta Jose Oiarbide albokari idiazabaldarrak, baita Zegamako Altziber baserriko Gorrotxategi familia ere, besteren artean.













