Munduko hizkuntza gutxituak Beasainen batu dira
Garabide elkartearen Aditu programaren barruan, 14 komunitatetatik etorritako 18 hizkuntza aktibistek hartu dute arte Beasaingo Udalaren harreran. Leire Artola alkateak euskararen aldeko udal politikak eta hizkuntza gutxituen aldeko konpromisoa nabarmendu ditu.
Aditu programan parte hartzen ari diren hizkuntza aktibistak.Ariane Vierbücher Beasain hizkuntza aniztasunaren topagune bihurtu da gaur, mundu osoko hizkuntza gutxituen ordezkariei udaletxean egin dieten harrerarekin. Garabide elkarteak antolatutako Aditu Hizkuntzak Biziberritzeko Formakuntza Programaren parte-hartzaileak izan dira protagonistak: 14 herrialde desberdinetatik etorritako 18 hizkuntza aktibista izan dira bertan.
Leire Artola alkateak hartu ditu udal batzar aretoan, eta bertan udal hizkuntza politikaren ardatzak azaldu dizkie. Euskararen erabilera eta normalizazioa sustatzeko lanean jarraitzen dutela nabarmendu du, eta hizkuntza eskubideak bermatzeko Beasaingo Udalak aurrekontuaren %5,32 hizkuntza politikarako bideratzen duela gogorarazu. Gainera, Garabide elkartearekin duen hitzarmenari esker, baliabide horien zati bat nazioarteko hizkuntza lankidetzara zuzentzen da.
Garabideren egitea eta Aditu programaren helburua
Garabide elkartea urteotan erreferente bihurtu da nazioarteko hizkuntza biziberritzean, euskararen esperientziatik abiatuta. Aditu programa nazioartean aitzindaria da: hilabete eta erdiz Euskal Herrian egonaldi trinkoa eskaintzen du, 100 ordutik gorako prestakuntza teoriko eta praktikoarekin. Helburua argia da: hizkuntza biziberritzearen inguruko oinarri sendoak eskaintzea, eta parte-hartzaileek jasotako ezagutza eta tresnak euren komunitateetara itzultzean praktikan jar ditzaten.
Kontinenteen arteko zubia
Aurten, Hego eta Erdialdeko Amerikako komunitate indigenek presentzia handia dute. Boliviako ketxua hiztun aktibistak, Ekuadorreko kitxuak, Txileko mapuzugunak, Paraguai eta Argentinako guarani ordezkariak edo Kolonbiako nasa yuwe komunitatea bertaratu dira. Mexikotik, maia hizkuntzen defendatzaileak (kaqchikel, yukateko eta mixe) etorri dira; Guatemalatik, kaqchikel komunitatea; eta El Salvadorko ordezkariak, nahuat pipila hizkuntzaren aldekoak.
Afrikako presentzia ere nabarmena izan da, ekuatore Gineako bubia komunitateko eta Marokoko amazigh hizkuntzako aktibistekin. gainera, haitiko kreolaren aldeko irakasleak eta Australiako anindilyakwa hizkuntzaren babesleak ere Beasainen izan dira. Guztiek helburu berak batzen ditu: beren hizkuntzak biziberritzea eta komunitateak indartzea.
Euskaratik mundura, mundutik euskara
Parte-hartzaileen egonaldiak bi norabide ditu: alda batetik, euskararen biziberritze esperientziatik ikastea; bestetik, euskal gizarteari munduko hizkuntza gutxituen egoeraren berri ematea. Horretarako, Beasainen egin den bezalako harrerak funtsezkoak dira, euskararen esperientziak mundura egiten duen ekarpena agerian jartzeaz gain, bertako herritarrak hizkuntza aniztasunaren balioaz kontzientziatzeko.
Udalaren konpromisoa
Beasaingo Udalak 2017tik berritzen du Garabiderekin duen lankidetza-hitzarmena. 2024an, aurrekontuaren %1aren laurdena Garabidek kudeatzen dituen nazioarteko proiektuetara bideratu zen. “Hizkuntza nortasuna garapen bidean dauden herrien nortasun kolektiboaren zutabe nagusi gisa aitortzen dugu”, gogorarazi du Leire Artola alkateak.
Harrerak agerian utzi du Beasain ez dela soilik euskararen aldeko udalerri aktiboa, baizik eta hizkuntza gutxituen arteko elkartasun sarearen parte ere badela. Eta gaurko topaketak argi utzi du, euskarak baduela zer eskaini eta munduko hizkuntza guztiek zer irakatsi.













