Mirandaola parkeari bizia emateko plana
Udala ari da plan hori prestatzen, eta bihar asteartea bilera irekia egingo du herritarrekin, horien iradokizunak jasotzeko. Kultur Etxean izango da, 17:30ean.
Legazpiko Udala Mirandaolako parkea hobetzeko plan bat lantzen hasi da, “batez ere legazpiarrek gehiago biziko duten espazioa izan dadin”, eta horren inguruko saio ireki bat egingo du bihar asteartea, herritarrekin. Kultur Etxean izango da hitzordua, 17:30ean.
Saio horretan lanak gidatzen ari den talde teknikoa izango da, herritarrentzat Mirandaola zer den, eta eremu horri bizia emateko zer behar den jasotzeko asmoz. “Mirandaola gertu dugunon, ezagutzen dugunon eta norantz egin dezakeen imajina dezakegunon arteko elkarrizketa bat bultzatzea” da helburua, eta horretarako bi galdera planteatuko dituzte: “Zer da Mirandaola gaur egun niretzat?”, eta “Eremu horri bizia emateko helburua partekatzen badugu, zerk funtzionatzen du jada, eta zer bestek lagunduko luke?”.
“Begirada eta ñabardura guztiak” baliagarriak izango dira plan horren osaketan aurrera egiteko.













