Munduko alkate onenaren saria bertan behera geratu da
Legazpiko Eric Galvez zegoen izendatuta aitortza horretarako. World Mayor Prize fusionatu egin da aurten Immigrant Times nazioarteko hedabideak ematen duen Elkartasunaren Sariarekin.
Aurtengo World Mayor Prize edo munduko alkate onenaren saria eman gabe geratu da aurten, eta horrekin tokiko agintarien lidergoari egiten zaion aitortza hutsik geratu da. Legazpiko Eric Galvez alkatea zegoen izendatuta sari horretarako.
Sari hori sustatzen duen erakundeak jakinarazi duenez, aurtengo edizioko sariak bat egingo du Immigrant Times nazioarteko hedabideak ematen duen Elkartasunaren Sariarekin. Errekonozimendu berri horrek hirietan eta komunitateetan jartzen du garrantzia, tokiko biztanleen eta etorkinen arteko bizikidetza harmoniatsuarekin duten konpromisoagatik nabarmentzen baitira.
Galvez alkateak adierazi duenez, “sari berri honek herri osoak aintzatesten ditu, gizarte kohesioagatik eta bizikidetzaren alde egiten den lanagatik. Hasiera berri bat da, eraldaketa honek are gehiago lotzen gaituelako Legazpin garenarekin, eta ditugun indarguneekin: solidarioa eta inklusiboa, bere aniztasunaz harro dagoena”. Sariaren eraldaketa honek “integrazioaren, errespetuaren eta aukera berdintasunaren alde udalerrian egiten den talde lana ikusarazteko bide berri bat” irekitzen duela gehitu du.
Alkateak, bestalde,azken hilabeteetan herritarrek eman dioen babesa eta konfiantza eskertu ditu, “Legazpik nazioan eta nazioartean oihartzuna izaten lagundu duelako”.













