Perretxikoekin bideratutako elkartasuna
Lekanazpi elkarteak antolatuta, Asteburu Mikologikoa ospatu da Legazpin. Perretxikozaletasuna bultzatzeaz gain, elkartasuna ere izan du helburu, aurten Palestinako herriaren aldekoa. Boluntario ugari izan da lanean hiru egunetan.
Legazpiko Asteburu Mikologikoak bete ditu bere bi helburuak berriz ere: perretxikozaletasuna bultzatzea, eta elkartasuna, aurten Palestinako herritarren alde. Ostiralean hasi eta atzora arte, Lekanazpi elkartea, Barrendiolako urtegi ingurua eta Azoka izan dira perretxikoen mundua gustuko dituztenen topaleku.
Azoka izan da topagune nagusia, eta jende ugari elkartu da bertan, batez ere atzo goizean, larunbat arratsaldeko eguraldi kaxkarrak ez baitzuen asko lagundu.
110 perretxiko desberdin
Lekanazpi elkarteak antolatutako ohiko jarduerak izan dira Azokan, tartean 11o espezie desberdin jaso dituen perretxiko erakusketa, eta horietako batzuen dastaketa. Barrendiola inguruan 47 perretxikozale elkartu dituen ibilbide mikologikoan bildutakoak ere bertan ziren. Haurrentzako eskulanak eta lehiaketak, eta Upelgilearen begia apustua ere izan dira asteburu honetan.
Baina azken urteetan bezala, elkartasunak ere izan du lekua Asteburu Mikologiko honetan, eta “txanpi solidario” ugari saldu dituzte Gernika-Palestina herri ekimenaren alde. Larunbat arratsaldean ziren saltzeko bakarrik elkartasun helburuko barrengorriak, baina igande goizean ere egin zuten elkartasun salmenta. Oso arrakastatsua izan zela nabarmendu dute antolatzaileek, eta hilaren amaieran emango dute jasotako diru kopuruaren berri.
Upelgilearen begia eta haurren sariak
Upelgilearen Begia erronkak, bestalde, erantzun bikaina izan du aurten ere. Larunbatean, 4.068 gramo zituen saskiaren pisu asmaketan Nahiara Martinez izan zen irabazlea, eta igandean, Itzal Goñi izan zen irabazlea; saskiak 3.522 gramoko pisua zuen. Bi irabazleek saski horiek eta barruan zeuden perretxikoak, eta makila eta laban bana irabazi zituzten.
Haurrei zuzendutako txokoan, azkenik, lau ariketa zituzten egiteko, eta hauek izan dira irabazleak: June Alvarez, Arantxa Romero, Ane Garcia eta Eder Martinez.
Boluntarioen lana
Asteburu Mikologiko honen antolatzaileak oso gustura geratu dira herritarren harrerarekin, baina boluntarioek egindako lana nabarmendu nahi dute. Asko izan dira lanean hiru egunetan, eta eskerrik beroena helarazi nahi diete guztiei, borondatezko jarrera hori gabe zaila izango litzatekeelako horrelako jarduera aurrera eraman.















