Sustraiak taldeak 'Mende erdia herria dantzan jarriz' ikuskizuna eskainiko du larunbatean
Dantza taldearen 50. urteurreneko ospakizunen "ekitaldirik garrantzitsuenetako bat" izango da, 200 dantzari eta dantzari ohiren partaidetzarekin. Urbeltz pilotalekuan izango da, 12:00etan. Sarrerak doan dira, baina Kultur Etxean jaso behar dira asteazkenetik ostiralera bitartean.
Sustraiak dantza taldeak aurrera jarraitzen du bere sorreraren 50. urteurrena ospatzen, eta larunbat honetan Urbeltz pilotalekuan eskainiko duen Mende erdia herria dantzan jarriz ikuskizuna aurkeztu du gaur eguerdian. Jon Dorronsoro taldeko ordezkaria arduratu da aurkezpenaz, Maider Galindo, Ainhoa Irazustabarrena eta Naroa Aramendi dantzariek lagunduta. Miryam Galilea kultura zinegotzia ere ondoan izan dute.
Urteurreneko “ekitaldirik garrantzitsuenetako bat” izango da larunbatekoa, Dorronsorok adierazi duenez. Urbeltz pilotalekuan izango da, 12:00etan. “Dantza ikuskizun berezia izango da, urte hauetan guztietan taldearen parte izan diren
eta diren kideetako askok eta askok hartuko baitute parte”, gehitu du. Guztira 200 dantzarik baino gehiagok dantzatuko dute, baita hainbat musikarik ere, herriko txistulariek eta trikitilariek, hain zuzen.
Jaialdian, Sustraiaken ibilbidean “hain garrantzitsuak diren dantzariei” eman nahi izan dite protagonismoa. Hori dela eta, adin desberdinetako dantzariak elkartu dituzte, “aspaldi dantza egin gabekoak, ikastaroetan parte hartutakoak, eta egun, taldearen parte direnak”. Dantzari helduez gain, haurren taldeetako dantzari batzuek ere parte hartuko dute.
Taldearen errepertorioan garrantzia handia izan duten dantzak taularatuko dituzte ekitaldian, eta guztiak dantza mistoak izango dira. Aurkezpenean azaldu dutenez, “urtez urte Sustraiakek landu dituen ildoak erakusten dituzte dantza horiek: Gipuzkoako dantzen berreskuratzea, genero berdintasuna, dantza txapelketei emandako bultzada, ikastaroei eskainitako denbora… Belaunaldi desberdinetako herritarrak elkarrekin dantzan ikusteko aukera paregabea izango da, taldearen ibilbidea omentzeko balioko duena”.
Bazkaria eta musika
Emanaldiaren aurretik kalejira egingo dute dantzariek erdigunetik, eta jaialdiaren ondoren bazkarian elkartuko dira Azokan. Bertan, jaialdian dantza egin duten dantzariak, zein taldearekin lotura izan duten bestelako kideak elkartuko dira. Bazkalondoan musika izango da, Maikiño Dj-rekin,Sarrerak doan dira, baina jaso egin behar dira asteazkenetik ostiralera, Kultur Etxean, 10:00etatik 13:00etara eta 15:30etik 20:00etara. Sobratzen badira jaialdiaren egunean bertan ere hartu ahal izango dira Urbeltzeko atean, 11:15etik aurrera.
Jaialdi hau antolatzen eta gauzatzen lagundu dieten Legazpiko Udalari, Korosti eta Irrintzi dantza taldeei, lanean ibili diren boluntarioei eta parte hartuko duten dantzariei eskerrak eman dizkie, amaitzeko, Dorronsorok.
Udalaren eskerra
Miryam Galilea kultura zinegotziak ere eskerrak eman dizkio “beste behin” Sustraiak taldeari. “Hamaika ekitaldi antolatu dituzte aurten 50. urteurrenaren aitzakian, eta balioan jartzekoa da horietan hainbat adineko herritarrak elkartzeko izan duten gaitasuna, txikiak, handiak, ertainak, taldean dabiltzanak, taldean ibili direnak, baita aurrerantzean taldean ibiltzera animatuko direnak ere”. Euskal kulturaren alde egiten duten lana eta ahalegina ere eskertu die.
“Sustraiak-en izena ahoan izan dugu askotan urte honetan, eta aurrerantzean ere horrela izatea espero dugu”, esan du amaitzeko, eta “zorterik onena” opatu die larunbateko ekitaldirako.
Ekitaldi gehiago
Sustraiak dantza taldeak urtarrilean hasi zen bere sorreraren 50. urteurrena ospatzen, eta urtea aurrera doan arren, oraindik geratzen dira ekitaldian. Jaialdi honen ondoren, azaroaren 13an, Legazpiko ezpata-dantzaren inguruko hitzaldia egingo du Angel Muruak, bere 400 urteko historia errepasatuz. Kultur Etxean izango da, 19:00etan.
Aurrerago, abenduaren 5etik 8ra, dantza taldeko kide batzuk Kanariar Uharteetara joango dira dantza egitera, Tenerifeko La Laguna hirira, hain zuzen.














