Dominekin itzuli dira Legazpiko judokak Espainiako Kopatik
Adriana Real eta Ibon Betolaza gazteek brontzea irabazi dute Santanderren jokatutako txapelketan.
Legazpi Judo klubeko haur mailako Adriana Real eta Ibon Betozala brontzezko dominekin itzuli dira asteburuan Santanderren jokatutako Espainiako Judo Kopatik. Realek 73 kilotik gorako kategorian irabazi du domina, eta Betolazak 66 kilotik gorakoan. Klubeko arduradunak “oso pozik” daude bi kirolariek lortutako “emaitza bikainekin”, eta finalaurrekoan galdu zuten arren, “maila tekniko eta lehiakor bikaina” erakutsi zutela diote.
Kadete mailako judokek ere parte hartu zuten txapelketa horretan, baina borroka onak egin arren, ez zuten podiumera igotzerik lortu. Zozketetan ez zuten zoririk izan, baina “esperientzia baliotsua” izan dela nabarmendu dute, “hobetzeko eta akatsak zuzentzeko lan asko” dagoen arren, “batez ere gazteen artean”.
Hala ere, Legazpiko judo kluba “oso harro” dago bere kirolarien lanaz eta jarreraz, nahiz eta “sentipen gazi-gozoa” geratu den Santanderreko txapelketan, “kadeteek emaitza hobeak lor zitzaketela uste baitugu, zorte eta esperientzia pixka batekin”.
Hurrengo hitzorduetan dute orain begia jarria. Kadeteek estatuko mailako txapelketa dute bi asteburu barru Vigon, eta infantilek hilabete amaieran izango dute hurrengo txapelketa, Iruñeko Anaitasuna torneoan.













