Legazpiko Berdeak taldeak herriko etxebizitza eta pobrezia arazoentzako irtenbidea eskatu du
Eric Galvez munduko alkate onenaren sarira izendatu izanaren harira kaleratutako oharrean egin du eskaera. Legazpiko alkateak eta izendatutako gainerako alkateek sari hori ez zutela merezi diote, eta horregatik utzi dutela bertan behera aurtengo edizioa.
Eric Galvez munduko alkate onenaren sarirako izendatua izanaren harira, Legazpiko Berdeak taldeak irtenbideak eskatu ditu herrian etxebizitzaren eta pobreziaren inguruan dauden arazoentzat. World Major Price sari horiek pobreziaren aurka borrokatzen duten politika sozialengatik nabarmentzen diren alkateak saritzen zituzten, eta Berdeek jasotako informazioaren arabera, bertan behera geratu dira aurten”pobreziaren arazoari emandako erantzun publikoak ez dituelako bete” antolatzaileen “espektatibak”.
Berdeak taldeko ordezkariek gogoratu dute uztaileko udalbatzan herritarrak animatu zituztela sari horietarako bozka ematera, “baina Gazako giza langileen izendapenari, Palestinako herriaren aurka Israelgo estatua burutzen ari den genozidioaren ondorioz egunero haien bizitza arriskuan jartzen dutelako”. Udalbatza hartan “zalantzan” jarri zuten EAJk Galvez izendatu izana, “bi urte besterik ez daramatzalako etxebizitza eta giza arloko arretan hutsune handiak dituen herri honen alkatetzan”. Zentzu horretan, Legazpin 200 etxebizitza huts daudela, etxebizitza alokatu ezin duten herritar asko dagoela, eta elizako atarian lo egin edo San Martineko pentsio zaharra eta Brinkolako aterpea okupatzen dituzten pertsonak daudela adierazi dute.
Gainera, alkatea buru duen Gobernu Taldeak “egoera hau konpontzeko etxebizitza plan bat diseinatzeari uko” egiten diola salatu du. “Berdeak taldetik aspaldi proposatzen ari garen neurriak aplikatzeko batere borondaterik ez du azaldu: hutsik dauden etxebizitzen OHZn %150ko errekargua edo metro karratuko tasa progresiboa jartzea, eta alokairu sozialaren erregimeneko etxebizitza publikoen parkea handitzeko etxeak erostea, edo Brinkolako aterpea berritzea, besteak beste”.
Honen guztiaren aurrean, “argi geratu da Legazpiko alkateak ez duela merezi World Mayor 2025 saria”. Horren antolakuntzarekin harremanetan jarri direla, eta honako erantzun hau jaso dutela ere esan duten: “Atsekabez jakinarazi behar dizuegu 2025ko munduko alkate onenaren saria ez dela emango. Salbuespen batzuk kenduta, pobreziaren arazoari emandako erantzun publikoak ez ditu gure espektatibak bete. Izendatutako alkateetatik gutxi batzuk bakarrik garatu dute euren komunitateetan pobreziari aurre egiteko kontzeptu sendoa. Hori dela eta, aurtengo saria hutsik geratu da, eta Elkartasunaren Sariarekin egin du bat. Sari honek aitortza egiten die tokiko populazioaren eta inmigratzaileen arteko elkarbizitza harmoniotsuarekin konprometitutako hiriak eta komunitateak. Sari honek komunitate osoa aintzatesten du, ez alkatea bakarrik. Badakigu desengainatuta egongo zarela. Gu ere bai”.
Beraz, Berdeak taldeak laburbiltzen duenez, sari hori hutsik geratu izana ez da formatu aldaketa baten emaitza “Gobernu Taldeak udalaren webgunean jakinarazi duen bezala, “baizik eta izendatutako alkateak ez direlako gai izan pobreziaren arazoari aurre egiteko politika eta proposamen serioak garatzeko”.
“Berdeak taldean argi dugu”, esan dute amaitzeko, “Legazpik ez du behar bere alkatearentzako auto-bonborik edo marketin pertsonaleko operaziorik. Herrian dugun etxebizitzaren arazo larria modu urgentean konpontzeko irtenbide errealak eta politika ausartak behar ditu Legazpik, hilaren erdialdera iristen ez direnak babesteko eta elkarbizitza, inklusioa eta justizia soziala indartzeko. Azken finean, Legazpik ekintzak behar ditu eta ez propaganda faltsua eta hutsa”.













