Gorka Gomezek irabazi du Legazpiko argazki rallya
Ikatza argazkilari elkarteak antolatutako rallyaren herriko saria Jose Venegasek irabazi du. Sariak banatzeko ekitaldia hilaren 17an egingo du. Legazpi Hiria estatu mailako lehiaketako sariak ere banatuko ditu bertan.
Saria irabazi duen bildumako argazkietako bat.Gorka Gomez Gorka Gomez legazpiarrak irabazi du Ikatza argazkilari elkarteak antolatuta, Legazpin irailaren 14an egin zen argazki rallya. Ruben Caceres izan da bigarena, Javier Lopez Fabian hirugarrena, eta Jose Venegasek herriko saria jasoko du.
Ikatzak datorren asteko ostiralean, hilaren 17an egingo du sariak banatzeko ekitaldia, Kultur Etxean, 19:00etan. Bertan, argazki rallyan parte hartu zuten 59 argazkilarien lanak proiektatuko dituzte. Partaideak Euskal Herri osokoak ziren: Donostia, Tolosa, Beasain, Orereta, Irun, Durango, Burlada, Zalla…
Ekitaldi berean, Legazpi Hiria estatu mailako argazki lehiaketako sariak ere banatuko ditu Ikatzak. Lehiaketa honetan 99 egileren 293 lan jaso ditu elkarteak, eta egileak Euskal Herrikoak, Madrilekoak, Valentziakoak, Bartzelonakoak eta Murtziakoak dira, besteak beste.
Sariak banatu ondoren, Legazpi Hiria lehiaketara aurkeztutako lanekin egindako bildumaren erakusketa irekik da. Urriaren 31ra arte egongo ikusgai, astegunetan 17:00etatik 20:00etara.

Gorka Gomez argazkilaria eta diseinatzailea da. Berea da Legazpiko Udalaren irudi korporatibo berria.













