Legazpiko alkatea Bruselan izango da, Global Covenant of Mayors for Climate & Energy erakundearen bilkuran
Urriaren 15ean eta 16an izango da bilkura. Latxartegin, inguruko eraikin publikoak energiaz hornituko lituzkeen 'district heating' edo hiri-berokuntza sarea ezartzeko finantzaketa formulak aztertzeko baliatuko du, besteak beste.
Legazpiko Udalak Global Covenant of Mayors for Climate & Energy erakundeak Bruselan antolatutako ekitaldietan parte hartuko du urriaren 15ean eta 16an, Bruselan. Global Covenant of Mayors for Climate & Energy, klima-aldaketaren eta trantsizio energetikoaren aurkako ekintzarekin konprometitutako hirien munduko aliantzarik handiena da.
Legazpi aspalditik jorratzen ari da “etengabeko lan ildoa” iraunkortasunaren arloan. Kepa Urtzelai alkate zela, 2013an, udalerriak bat egin zuen Energiaren Euskal Erakundearen Alkateen itunerantz bidean ekimenarekin. 2015ean, Koldobike Olabide alkateak ordezkatuta, Legazpi Klimaren eta Energiaren aldeko Alkatetzen Itunera batu zen Legazpiko Udala eta Parisko Akordioaren esparruan Parisen egindako sinaduran izan zen. 2025eko abuztuan, Legazpik mundu osoko 13.000 udalerri biltzen dituen Global Covenant of Mayors erakundean sartu da.
Alkatea, Bruselako bileretara
Erakunde horrek urriaren 15ean Bruselan egingo duen bilkuran parte hartuko du Eric Galvezek, Legazpi ordezkatuz. Bertan, berokuntza eta hozte jasangarriko hiri azpiegiturei buruzko Europako hainbat hiriren esperientziak eztabaidatuko dira. Udala Latxartegi inguruan district heating bat (hiri-berokuntzako sarea) ezartzeko aukera ari da begiratzen, eta horrelako proiektuetarako Europa mailan dauden finantzaketa formulak aztertu nahi ditu. District heating horrek inguruko hainbat eraikin publiko hornitu ditzake, hala nola, ikastola, Gizarte Zentroa, Kultur Etxea eta Osasun Zentroa.
Hurrengo egunean, ostegunean, Alkatetzen Itunaren Urteko Zeremonian izango da Galvez. Aurten, Europako Parlamentuan ospatuko da, Parisko Akordioaren hamargarren urteurrena dela eta. Ekitaldi horretan parte hartuko dute Ursula von der Leyen Europako Batzordeko lehendakariak, Roberta Metsola Europako Parlamentuko lehendakariak eta Erkidegoko beste goi-kargudun batzuek, Europa osoko udal ordezkariekin batera.
Bruselan egonda, Legazpik “berretsi” egiten du ekintza klimatikoarekin eta Europako lankidetzarekin duen konpromisoa, eta pauso berri bat ematen du 2024-2030 aldirako Klima eta Energia Plan Integratua gauzatzeko. Plan horrek bost proiektu estrategiko eta 70 ekintza biltzen ditu, udalerri jasangarriagoa, efizienteagoa eta inklusiboagoa bultzatzeko.













