Beasaingo etxez etxeko laguntza zerbitzuko langileek mobilizazioak hasi dituzte
Langileek lan baldintza duinak eskatu dituzte.
Beasaingo etxez etxeko zerbitzuan lan egiten duten langileek elkarretaratzea egin dute Zubimusu plazan, gaur arratsaldean.ELA sindikatua Beasaingo etxez etxeko laguntza zerbitzuko langileek mobilizazioak hasi dituzte gaur, lan baldintzak duintzeko eta hitzarmen berria lortzeko helbururekin. Zerbitzua Beasaingo Udalarena da, baina kudeaketa pribatua du, Matia Goxara enpresaren esku dagoelarik. Zerbitzuan 35 langile inguruk egiten dute lan.
ELA sindikatuaren arabera, “publikoa izan beharko lukeen etxez etxeko zerbitzua ezinbestekoa da herritarrontzat, eta langileek egiten duten lanaren aitortza ezinbestekoa da. Lan baldintza eta hitzarmen duinak behar-beharrezkoak dira”.
Protestaren testuinguruan gogorarazi dute, “duela hiru urte” sinatu zutela azken hitzarmena, “2024 urteko abenduaren 31an” bukatu zena. “Urte hasieratik, hainbat bilera izan dira bai enpresa kudeatzailearekin, bai udalarekin, baina momentu honetan negoziazioak blokeatuta daude”, ELA sindikatutik komunikatu dutenez.
Sindikatuaren arabera, “enpresak 2025erako ez du soldata igoerarik proposatu, eta soldata arrakala nabarmena da langile publikoekin alderatuta. Gainera, langileen %95ak kontratu partzialak ditu, genero-arrakala areagotuz”.
ELA sindikatuko ordezkariek deia luzatu dute: “Alde batetik, enpresari, plataforman planteatutako hobekuntzak onar ditzala; eta bestetik, Udalari, bere erantzukizuna bere gain ha dezala, zerbitzua eta langileak baldintza duinetan egon daitezen”.













