Frankismoko biktima ataundarren erreparaziorako eskubidean, urratsa
Ataungo Udalak eta Aranzadik memoria historikoan sakontzeko lankidetza-hitzarmena sinatu dute. Bi urteko proiektua izango da eta datorren astean oroimen bulegoa irekiko dute udaletxean.
Ezker-eskuin, gaur goizeko prentsaurrekoan: Kontxi Sukia, Martin Aramendi, Maider Irastortza eta Javier Buces.Izaro Villarreal Ataungo Udalak eta Aranzadi Zientzia Elkarteak lankidetza-hitzarmen bat sinatu dute frankismo garaian, 1936tik 1978ra bitartean, herrian gertatutako giza eskubideen urraketen inguruko ikerketa historikoa sakontzeko. Akordioaren xehetasunak aurkezteko prentsaurrekoa egin dute gaur goizean Maider Irastortza Euskara eta Kultura zinegotziak eta Javier Buces Aranzadiko antropologia saileko memoria historikoaren arloko arduradunak. Bertan izan dira, halaber, Martin Aramendi alkatea eta Kontxi Sukia oposizioko alkategaia.
Bi urteko proiektua
Irastortzak azaldu duenez, azken urteotan herriko zenbait eragile eta norbanako ibili izan dira Ataungo memoria historikoa lantzen, udalaren laguntzarekin batera, eta lan horri esker urrats handiak egin direla ziurtatu du, batez ere gerra garaiko eta gerra osteko gertakarien ezagutzan. Orain, Aranzadirekin sinatutako hitzarmenari esker, informazio hori eta 1978ra arteko informazioan sakontzea eta egituratzen jarraitzea dute helburu, ikuspegi integralago eta sendoago batetik abiatuta.
Proiektuak bi urteko iraupena izango du, eta ikerketa lanak dagoeneko martxan daude. Hurrengo astean oroimen bulegoa irekiko da udaletxean, astelehenetik ostiralera, goizez eta arratsaldez. Herritarrek bertan eman ahal izango dute aurreneko informazioa, lehen testigantzak partekatu edota proiektuaren inguruko argibideak jaso. Herriari abiarazi berri duten akordio honen berri emateko eta aurreneko protagonistak lotzeko aitzakia izango da bulegoa.
Ikerketaren metodologia
Javier Buces Aranzadiko ikerlariak azaldu duenez, proiektuaren helburu nagusia da frankismo garaian ataundarrek pairatutako errepresioa eta giza eskubideen urraketak modu sistematikoan dokumentatzea eta biktimak identifikatzea. “Tropa frankistak noiz sartu ziren ezaguna da, baina orain biktimak nortzuk izan ziren jakitea dagokigu. Defizit demokratiko bat dago, eta hori bete behar da”, azpimarratu du.
Hartara, ikerketa ez da soilik gerrako urteetara mugatuko: 1978ra arteko errepresioa eta sufrimendua ere jasoko dira. Horretarako, artxibo lokal eta estatalak kontsultatuko dira, eta testigantzak bilduko dira, gehienak bigarren eskukoak. “Zoritxarrez, protagonista asko jada ez daude gure artean, eta, beraz, seme-alaben, iloben eta biloben bidez jaso beharko dugu lekukotza hori”, adierazi du Bucesek.
“Tropa frankistak noiz sartu ziren ezaguna da, baina orain biktimak nortzuk izan ziren jakitea dagokigu. Defizit demokratiko bat dago, eta hori bete behar da”
Javier Buces. Aranzadiko ikerlaria
Hori ez ezik, emakumeek jasandako bazterketa soziala eta errepresioa ere ikerketaren ardatzetako bat izango da. “Emakumeen esperientzia historikoa askotan isilarazia izan da, eta hori berreskuratu nahi dugu”, gaineratu du.
Webgune batean jasoa
Ikerketaren amaieran, jasotako informazio guztia webgune batean bilduko da, biktimen identifikazioaren erradiografia zabala eskainiz eta datuak etengabe eguneratzeko aukera emanez. Etorkizunean, bildutako emaitzak jasotzen dituen argitalpen bat kaleratzea ere aztertuko dute, nahiz eta lehen fasean webgunea izango den komunikazio tresna nagusia.
Herritarrek informazioa edo lekukotzak helarazi nahi badituzte, oroimen bulegoaren bidez egin ahal izango dute datorren astetik aurrera, edota memoria@aranzadi.eus helbidera idatzita nahiz 943 46 61 42 telefono zenbakira deituta.













